Gauza bakoitza bere lekuan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 25a

Erosketako karroa, Paradorreko autobus geltokian. Argazkia: José Luis Gómez

Erosketako karrotxo bat Paradorreko geltokian, bolatokiko 'aire akondizionatua', eta diskoteka mugikorra Portuko aldapan gora eta behera.

Festa giro bete-betean, badirudi beste hizketagairik ez dela egunotan: San Joanak ez, beroa. 35 gradurekin kalean egotea bera nekagarria dela eta, tokiz aldatu zituzten atzo ere zenbait ekintza, arratsaldean bereziki. Halakoetan ez dago erraza 'gauza bakoitza bere lekuan' mantentzen. Hala pentsatuko zuen herritar batek atzo goizean, Paradorreko geltokian topatu zuenean irriparre bat atera zion eszena xelebrea: erosketako karrotxo bat hantxe utzita, 'gauza bakoitza bere lekuan' dioen hondakin berezien biltegiaren ondoan.

Ez dakigu karrotxoa Galarretara bueltatzeko autobusaren zain ote zegoen bertan, parranda gau luzearen ondoren; edota itzal bila ote zebilen...

Atzokoan tokiz mugitu ez zutena, bola tiraldia: «Hemen ez dago beste aukerarik!». Baina egia esateko, ez zeuden gaizki Benta Berriko zoko xahar horretan: itzala, haize korronte goxoa eta lagunarteko giroa. Eskertuko zuten horixe dantza solteko partehartzaileek, Biteriko pasilloetan eskuak astindu eta astindu zebiltzala, abanikoak bailiran.

Atzokoan, gainera, ezusteko bisita izan zuten bolariek: ETBko 'Biba zuek!' saiokoak bertaratu zitzaizkien, Hernanira etorri eta kaleak hutsik zeudela ikusita, beroaren beroaz. Hala pentsatuko zuten: «Bolatokian seguru izango dutela aire akondizionatua, ez? Eta zerbezatxoren bat ere bai agian...». Ba ez bat eta ez beste... 'lan' ordutan behintzat. Ze gazteen eta helduen arteko konbersazioak mariatxiei eta gaupasari buruzkoak ziren Benta Berrin.

Eta gaupasaz ari garela, gauza bakoitza non gorde badakiena (baita goizaldeko ajearekin ere) lagun talde bat da, diskoteka portatila montatu duena bizpa­hiru bafle mahai bati lotuta. Kronikaren bulegoaren ondotik pasa ziren goizean goiz Portuko aldapan behera, 'diskoteka' hartuta karreteraren erdi-erditik, gordelekura bidean; eta arratsaldean berriro ere gora, San Joanetako bigarren parranda hasteko prest.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!