Datozen egunetan Hernaniko udaltzaingoaren instalazioak berritzeko lanak egingo dituzte. Austindarren plazan egun udaltzaingoaren bulegoa den ondoko lokala egokituko da, eta bulego berriak espazio haundiagoa izango du, «udaltzaingo zerbitzuaren beharretara hobeto egokitzeko». Lanetan, guztira, 481.615,09 euroko inbertsioa egingo du Udalak. Udaltzaingoak normaltasunez eskainiko du zerbitzua egun horietan.
Horrekin batera, Agustindarren plazako irisgarritasuna hobetzeko lanak ere burutuko dira. Igogailu bat jarriko da, Agustindarren plaza 6 eta 8 zenbakien arteko eremuan. Aurreko eta atzeko plaza lotuko dituen igogailuaren obran, oro har, 218.491,55 euro ibertituko ditu Udalak. Obra bukatu arte, eremu horretako eskailerak itxita egongo dira. Plazan ere lanetarako tresneria jarriko dute; hala ere, atarietarako eta lokaletarako bidea libre mantenduko da. Bi lanen kasuan, hasi eta sei hilabetera aurreikusten da amaitzea.
Karobieta berritzeko ere, hainbat lan
Maiatzean amaitu zituzten Karobieta auzoa berritzeko lanak, azken hilabeteetan egindakoak. Saneamendu hodi berriak, euri-urak bideratzeko hodi eta saretatxoak, argiteria publikoko kableatua eta LED argi-buruak jarri dira. Irisgarritasuna hobetzeko ere neurriak aplikatu dira, besteak beste, Langileko Laubidieta eraikineko horma berria egin zenean, espaloia zabaldu zen, eta Iturregi kale bukaeran «koexistentzia gune bat» sortu da, baita barandak ere errepidearen aldean.
Azkenik, horiez guztiez gain, auzoari izena eman dion karobiaren inguruan informatzeko helburua duen panela ere jarri da. Dagoeneko desagertuta dagoen industria-aurreko ekoizpen-sistema artisaua zuen kare-fabrikaren inguruko ezaugarriak jasotzen ditu panelak.