Ura protagonista, suaren egunean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 24a

Jaien hasierako suziria lehertu eta berehala, mangerak hartuta 'frexkatu' (blai egin) zituzten bertaratuak. Eta denak txoria baino kontentuago.

 

Notizi berarekin esnatu ginen denak atzo, edo espabilatu bai behintzat: beroagatik ez zen izango musikarien kalejirarik eguerdian, San Joan su pribatu­ak debekatuta eta ofizialak mu­gatuta, ekintza batzuk toki frexkoagoetara mugituta... Eta txupinazoan ura botako zutela udaletxeko balkoitik. Bertaratuak frexkatzeko izango zela. Frexkatzeko... edo blai egiteko. Zerbitzuetako udal langileei man­gera bat eskuetan jartzea arriskutsua dela jakingo dute ba! Ai ama, nolako ur-txorrota!

Baina bromak alde batera utzita, jendea txoria baino kontentuago Plazan. Ura protagonista azkenerako, suaren egun berezian. «Batek daki ura botatzearena geratzeko iritsi ote den». Halaxe zio­en alkateak. Hartu apuntea, ustekabeko neurriak izaten baitira aldaketarik onenak askotan.

Aldaketaz ari garela, akaso txupinazoa botatzeak sortzen du­en irrikaren diskurtsoa ere aldatu beharko litzateke. Balkoian hitza hartu, suziria piztu edo banderak igotzeak baino ilusio gehiago egin baitzien beste gauza batek, Akelarreko eta gaztetxeko kideei: karameluak botatzeak. Harritzekoa ere ez da, hainbeste ume dauzkazunean Plazatik begira zain, irripartsu. Halaxe aritu ziren Kantaitako kideak ere, karameluak bota eta bota... Tira, hainbeste ere ez zituzten bota, ahora eraman baitzituzten beste zenbait: «Hutsik zetoztila pentsatuko dute!» (barkatuko didate txibatazoa, ze jende jatorra Kantaitakoa!).

Kontuak kontu, eta urari meriturik kendu gabe, su kontuei lotutako erritualak ez zuen jarraitzaile bakar bat ere galdu, beroa kasik jasanezina izanda ere. Plaza lepo beteta beste be­hin, Akelarreak ekitaldi berezirako prestatuta zeukana ikusteko, eta aurten txikia izanagatik nobedosoa izango zen San Joan su horren kolorearekin sorgintzeko.

Tira, hitz xelebreekin ez gara gehiago nahastuko. Sorgindu edo ez, lilurak ez baitu luzaroan irau­ten; hurrengo tragora bitarte, juxtu-juxtu... San Joan egun politta izan denok!

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!