EAJk salatu du «EH Bilduk Osiñagako biderako irtenbiderik ez eskaintzea»

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 24a

Udalak auzoan burututako ekimenak ez direla nahikoak diote jeltzaleek, eta «proiektu integral bat martxan jartzearen alde» jarraituko dutela.

 

Hernaniko EAJk salatu du ez dagoela «benetako aurrerapausorik Osiñaga auzoan aspalditik dauden mugikortasun eta bide segurtasun arazoak konpontzeko». Jeltzaleen aburuz, «ez dira nahikoak EH Bilduk bultzatutako ekimenak, eta oinezkoen, txirrindularien eta gidarien segurtasuna bermatuko duen esku-hartze integrala» eskatu du.

Talde jeltzaleak nabarmendu du egoera «bereziki kezkagarria» dela haurrentzat, adinekoentzat, gurpil-aulkia erabiltzen dutenentzat, bizikletan mugitzen diren familientzat eta egunerokotasunean bidea erabiltzen duten oinezkoentzat. Bestalde, sagardotegi garaian inguruko sagardotegietara joaten diren autobusek eta bisitariek «areagotu egiten dute ibilgailuen ohiko trafikoa».

Horrela, «beharrezko» bezala definitu dituzte Osiñagako bide-segurtasunerako «inbertsioak plangintza eta borondate politikoa. Asfaltoan margotutako lerro batzuek ikusgarritasuna hobetu dezakete, baina ez dituzte eguneroko arriskuak gutxitzen edo konpontzen».

2026ko Aurrekontuen negoziazioan ere, «behin betiko konponbidea bultzatzeko aurrerapauso esanguratsurik» eman ez dela salatu dute jeltzaleek. Horrenbestez, EAJk «proiektu integral bat martxan jartzearen alde jarraitzen du», barne hartuko lituzkeenak «oinezkoentzako bide seguru eta jarraitu bat eraikitzea, espaloi egokiak, trafikoa baretzeko neurriak, seinalizazioan hobekuntzak, oinezkoen, txirrinden eta ibilgailuen elkarbizitza segurua bermatzeko beharrezkoa jarduerak, eta Osiñaga eta Eziago arteko zubi berria eraikitzea».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!