Herriko kaleak girotzeko ardura hartuko du gaurko gauean, urtero bezala, Xalaparta txarangak. Eta ez dio hutsik egingo urteroko zita bati: omenaldia egingo diote Iñaki Apezetxea 'Txatxon' zenari eta hildako txarangako kide guztiei, gauerdian.
Txaranga gaueko 23:15etan aterako da kalera, eta Zinkoenearako bidea hartuko du, zezensuzkoari doinua jartzeko. Ondoren, Oindi taberna zenera abiatuko dira, eta gauerdian egingo diote omenaldia 'Txatxoni', txarangaren kide eta zuzendari izan zenari; eta gainerako hildako txarangakideei.
Horretarako, 'Gu gira Euskadiko' abestuko dute aurrena, 'Txatxon'ek berak bertan abesten zuena gaurko egunez; eta baita 'Xalbadorren heriotzean' ere.
Herritar guztiei luzatu diete bertaratu eta omenaldian parte hartzeko gonbitea.