«Hango eta hemengo doinuak», Musika Bandaren kontzertuan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 24a

Urtero bezala, udaletxeko arkupeetan jarri du San Joan eguneko zita Bandak.

San Joan eguneko emanaldia eskainiko du gaur, urtero bezala, 13:15etan arkupeetan. Sei pieza joko ditu.

 

Urteroko zitari huts egin gabe, ohiko orduan eta tokian eskainiko du Hernaniko Musika Bandak San Joan eguneko kontzertua. Dozenaka lagun bilduko ditu udaletxeko arkupeetan, eguerdiko 13:15etan hasita, «hango eta hemengo doinuak» uztartuko dituen emanaldiarekin.

Denera sei pieza joko dituzte, aurreratu dutenez, Jorge Pachecoren zuzendaritzapean. Inork ez du berandu iritsi nahiko, jaietako doinu ezagunenarekin hasiko baitute saioa: 'San Joan zortzikoa' joko du Musika Bandak. Horren ondoren, Vicente Beobideren 'Rapsodia vasca' eskainiko dute, euskal abesti ezagunak biltzen dituena, eta bandaren errepertorioko pieza klasiko bilakatu dena.

Gerónimo Giménezen 'La to­rre del oro' izango da hirugarrena, izen bereko zartzuelaren zati ezagunenak jasotzen dituen obra, eta Sevillako txoko eta musikak irudikatzen dituena. Jacob de Haanen 'Oregon' joko dute segidan, bandaren beste klasiko bat, «metal eta egurren sonoritateekin jolastuz eta erritmo desberdinak nahastuz». Saül Gómez Solerren 'Kapytan' ere eskainiko dute, «ukitu orientalistak» dituena. Valentziarrak bandarako espreski egindako pieza da, «indartsua, sentsuala, eta Arabiako lekuren batera eramaten gaituena».

Michael Leagueren 'Quarter master' piezarekin emango diote bukaera kontzertuari; zehazki, Mikel Gabiola Lenizek egindako moldaketa joko dute. Snarky Puppy jazz talde estatubatuarraren obra «dibertigarria» da 'Quarter master'.

 

Hainbat musikari gonbidatu

Ez da bakarrik egongo Hernaniko Musika Banda, gaurko kontzertuan. Izan ere, hainbat musikari gonbidatu izango dira bertan; besteak beste, Hernani Musika Eskolako perkusio-joleak eta David Soriazu gitar-jolea.

Herritar eta musikazale guztiei luzatu diete gonbitea, kontzertuaz gozatzera hurbiltzeko.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!