Beroagatik alerta gorria dago ezarrita gaurko eta biharko, eta horren ondorioz, San Joan jaietako hainbat ekintza egokitzea erabaki du Hernaniko Udalak bi egunetan, neurri bereziak hartuz, «jaiak ahalik eta segurtasun baldintzarik onenetan ospatzeko. Helburua da beroak pertsonen osasunean izan dezakeen eragina murriztea eta herritarren segurtasuna bermatzea», azaldu dute.
Txupinazotik bertatik hasiko dira egokitzapenak. Akelarreak eta Kontrakantxak suziriak botatzearekin batera, balkoietatik behera ura botako dute, bertaratutakoak frexkatzeko. Segidan izaten den kalejiran ere badira aldaketak: Musika Eskolako kideek ez dute kalejirarik egingo gaurkoan, eta Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsak egokituta osatuko du ibilbidea.
Hala gertatuko da arratsaldean ere: egokitu egingo dituzte Akelarre Txikiaren eta Akelarre nagusiaren ibilbideak ere, baina printzipioz biak aterako dira. Era berean, toki frexkoagoetara mugituko dituzte zenbait ekitaldi.
Eta gauean, azkenik, San Joan su partikularrak egitea debekatu dute. Plazakoa mantendu egingo dute, baina egokitu egingo dute segurtasun arrazoiak tarteko.
Biharko, berriz, antolatzaileek dagoeneko iragarri dute haurren danborrada ordu erdi lehenago abiatuko dela, 11:00etan; eta tenperaturaren arabera egokituko dutela ibilbidea.
Udalak arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei, bereziki egunaren erdiko orduetan eta tenperatura altuenak izango diren tarteetan. «Ez egon eguzkipean denbora luzez, saihestu jarduera fisiko bizia, edan ura maiz eta ahal den neurrian itzalpeko guneetan edo frexko daudenetan egon».
Era berean , «herritarren ulermena eta lankidetza» eskertu du, eta azaldu du hartutako neurri guztiak «prebentzio irizpideetan» oinarritzen direla.
Udal zerbitzuetan ere, aldaketak
Udal zerbitzuei dagokienean ere hartu ditu neurriak Udalak. Horrela, kanpoko lanak eguerdiko 12:00ak arte egingo dituzte.
Hondakin bilketan, berriz, ordutegia aldatu dute gaurko eta biharko: bilketa 10:00etatik aurrera egingo dute, eta beraz, 09:30ak baino lehen atera beharko dituzte hondakinak auzotarrek.