«Gaztetxeen aldeko borrokara batzeko deia egin nahi genuke»

Axier Mendizabal Goñi 2026ko ekainaren 23a

Peru Arregi eta Nahia Zurutuza, Hernaniko Gazte Asanbladako kideak.

Txupinazoa - Kontrakantxa gaztetxea

 

Aurtengo San Joan jaiei hasiera emateko gonbidatu nagusienetako bat izango da Kontrakantxa gaztetxea. 20 urte beteko ditu aurtengo abenduan, baina bertako kideek ez dute abendurarte itxaron nahi ospatzen hasteko. Urte berezia izango dela aurreikusi daiteke, festen txupinazotik hasita. Hori bakarrik ez eta urtero bezala txosnetan izango dira Kontrakantxako eta Hernaniko Gazte Asanbladako kideak, urte osoko lanari txapela jartzen. Nahia Zurutuza eta Peru Arregi Hernaniko Gazte Asanbladako kideekin hitz egin du Kronikak.

 

20 urte betetzear, baina zahartzetik urrun.

Nahia Zurutuza: Neurri batean esan daiteke ez dagoela geratzeko aukerarik. Izan ere, azken urteetan errepresioaren eta eskubide politikoen aurkako jardunaren gorakada bat ematen ari da, hau da, politikoki antolatzeko eskubideen aurkako oldarraldia bizi dugu. Honek beharrezko egiten du antolakuntzan sakontzea eta hori da Kontrakantxa gaztetxeak eskaintzen diguna. Era berean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan ikusten ari gara gaztetxeen edota espazio politiko independienteen loraldi moduko bat egoera honi erantzuteko.

 

100 gaztetxe eta gazte asanblada bildu zarete duela gutxi Elorrion, Euskal Herriko gaztetxe eta Gazte Asanbladen topaketetan.

Peru Arregi: Urte hasieratik hasi ginen, Nahiak aipatutako koiunturak eskatzen zuelako, gaztetxeen artean antolatzen. Pentsa­tzen dugulako Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen artean saretzea gaur egun bereziki oso garrantzitsua dela, denok indartu eta gero eta indartsuago dauden etsai politikoei aurre egin ahal izateko. Topaketetan gai garrantzitsuez hitz egin genuen. Bereziki azpimarratu zen antolatzeak zer garrantzia duen eta gaztetxeek antolakuntza honetan, espazio politiko bezala duten garrantzia; bai gaur egun, baita historikoki ere. Espazio aproposa izan zen kanpora zein barrura begira, gure asanbladarentzako ere, beste asanblada batzuekin halako espazioak partekatzeak ekarpen ezberdinak egiten dituelako adibidez.

 

Egoera orokorrari erantzuteaz gain, zer ekarpen egiten du gaztetxeak Hernanin?

P.A.: Aipatu dugu gaztetxeen loraldi bat Euskal Herri mailan, baina herri mailan ere nire ustez beste loraldi bat izan du gaztetxeak. Bai gazte asanbladaren erruz, baita gaztetxearen inguruan ibiltzen diren eragile, plataforma eta abarren erruz ere. Gaztetxean gauza pila bat antolatzen dira, funtsean gure helburuetako bat herriko gazteentzako doako eta unibertsal izango den aisialdia antolatzea da; gaztetxean bertan zein herrian. Horretarako antolatu izan da Gazte Eguna azken urteetan adibidez. Edo San Silvestrea iazko abenduan, hutsune bat egon zelako antolakuntzan eta iruditzen zitzaigulako herriak oso gustuko duen lasterketa bat dela.

Oso garrantzitsua iruditzen zaigu, baita ere, ekimen guzti hauek politizatzea edota herrian zein munduan gertatzen ari denetik ez aldentzea. Palestinaren aldeko San Silvestrea antolatu genuen lehen aldiz, esaterako. Hala ere, gauzak antolatzerako orduan, aldarri politikoak sartzeaz gain, garrantzitsua da guretzat ezberdin antolatzea ekimen hauek. Hau da, asanblada batek antolatzen duen aisialdi eredua antolakuntzatik bertatik izan behar da ezberdina. Parte hartzaileak antolakuntzaren parte egiten, jarrera batzuk ez onartzen, etab.

N.Z.: Esan beharra dago gazte asanblada ez dela gaztetxean antolatzen den eragile bakarra, eta beste eragile horiek ere badirela gaztetxearen loraldiaren errudun. Aipatzekoa aurten adibidez, Olinpiadak izan dira. Horrelako espazio bat edukitzea herrian, non aisialdi eredu honetan antolatzen diren horrenbeste gauza ezberdin, oso positiboa da herri­arentzat. Aurtengoa urte oparoa izan dela esango nuke.

 

Lan eredu horri jarraipena eman nahi diozue San Joanetan.

N.Z.: Bai. Egia da ilusio handiz bizi ditugula festak, herritar orok bezala. Festak dira, ulertzen dugu ondo pasatzeko espazio direla, baina ez horretarako bakarrik. Urtean zehar aurrera daramagun jardunaren jarraipena izatea nahi dugu, eta ez ditugu ulertzen urtean zehar garatzen ditugun balioetatik kanpo; lan hori ospatzeko edo hedatzeko egunak ere badira. Bestetik, gazte asanblada eta gaztetxearen funtzio eta jarduna ezagutarazteko egunak ere badira. Aipatu nahiko genuke ere, guk txosna antolatzearekin, eredu militantearen eta konpromisoaren gainean oinarritzen den lan eredu bat sustatu nahi dugula. Festek guztiontzako espazio izan behar dute, balio askatzaileetan oinarrituak, eta ezin dugu inolako erasorik onartu.

 

San Joanetatik hasita, urteurren berezia izango da aurtengoa, ezta?

P.A.: Noski. Urtero ospatzen dugu urteurrena, baina aurtengoa ezberdina izango da. Pare bat asteko egitarau bat antolatu ordez, baliteke kurtso guztia iraungo duen egitaraua antolatzea. Oraindik ezin ditugu gauzak aurreratu, joango gara iragartzen, baina gauza asko egotea nahi dugu, mundu guztiarentzako gauzak eta jendeak parte hartzea egitarau honen antolakuntzan. Garrantzia berezia eman nahi diogu.

N.Z.: Ezer aipatu gabe ere, aurreratu dezakegu hasi garela gaztetxearen parte izan diren kide ezberdinekin hitz egiten, ulertu ahal izateko nondik gatozen, eta hasi garela jende berriarekin ere lan talde ezberdinetan antolatzen egitarau hori aurrera ateratzeko. Eskaintza kultural anitza eskaini nahi dugu, baita gazteoi axola zaizkigun auziez hitz egiteko espazioa sortu ere. Jadanik pare bat asanblada ireki egin ditugu eta lan talde ezberdinak martxan daude. Asko geratzen da eta guztiz irekita daude talde hauek edonork parte hartu nahi izanez gero. Mundu guztia gonbidatua dago jada 20. urteurrena antolatu eta ospatzera.

 

Zer azpimarratu nahi dute Kontrakantxako kideek
txupinazoan?

N.Z.: Ikusi daiteke gero eta testuinguru ilunagoa ari zaigula geratzen, krisi ekonomiko zein politikoa bide ematen ari da ideia erreakzionarioen gorakada bati. Orain arte ziurtzat genituen eskubide zibil eta politikoak jokoan daude eta honen aurrean beharrezkoa da arlo guztietan antolatzea. Uste dugu gaztetxeak beharrezko direla zentzu horretan, modu independientean antolatzen diren espazio politikoak diren heinean. Hortaz, gaztetxeen aldeko borrokara batzeko deia egin nahi genuke, herriko gazteen antolakuntza politikorako tresna baita gaztetxea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!