«Hernaniar identitatean ekarpen bat izan daiteke, komunitate baten parte egiten gaitu Akelarreak»

Axier Mendizabal Goñi 2026ko ekainaren 23a

Joan den urteko antzezlaneko protagonistak, Akelarrearen bukaerako talde argazkian.

Txupinazoa - Akelarrea

 

1986an hartu zuten plaza lehen aldiz Hernaniko sorginek, 40 urtez luzatu den Akelarreari hasiera emanez. Solstizio jaien hasiera gisa egiten den erritual paganoak Hernaniko kale eta plazak hartuko ditu ekainaren 23ko arratsaldean ekitaldi berezi batean. Izan ere, 40. urteurrena ospatzeko ahalegin bereziak egin dituzte aurten eta beterano eta gazteak elkartuko dira kalejiran, ohi bezala plaza hartu aurretik. 350 gaztek hartuko dute parte aurten eta beteranoek beren omenaldia jasoko dute hauengandik. Txupinazoan omendutako eragileetako bat izango da Akelarrea beraz, eta aurtengo lanez, 40 urteetako ibilbideaz, edota Akelarrearen esanahiaz hitz egiteko bildu gara Iker Sarriegi eta Maddi Amenabar kideekin.

 

Aurtengoa ez da nolanahikoa, zerbait berezia eskatzen zuen 40. urteurrenak.

Iker Sarriegi: Bai, aurten 40. urteurrena da, eta zerbait berezia egitea pentsatu genuen. Izan ere, duela bizpahiru urte hartu genuen guk lekukoa eta lehen aldiz tokatu zaigu halako data borobila. Hortaz, egun osoko egitarau berezia antolatzea pentsatu genuen.

Maddi Amenabar: Horrez gain, beste aukera batzuetan ere pentsatzen aritu gara eta ikus-entzunezko materiala jasotzen hasi gara adibidez, 40 urte hauetako testigantzak jaso nahi genituen.

I.S.: Urtez urte antolatzen ibilitako jendearen testigantzak jasotzen hasi gara oraingoz. Mila izan zen lehen belaunaldiaren sustatzailea eta harengandik abiatu gara gaur egun arte. Hasierako ideia izan zen oihartzun pixka bat emateko aurtengo Akelarreari bost-hamar minutuko elkarrizketak egitea hauei, baina luzatzen ari ginela ikusita beste formatu batera moldatu gara.

M.A.: Belaunaldi ezberdinetako jendeak gauza ezberdinak kontatu dizkigu 40 urte hauen inguruan. Elkarrizketak badira 40 urte hauen ingurukoak, baina baita euren bizipenen inguruan, gertatutako gauzen inguruan, zer formatan egiten zen Akelarrea lehen eta zer forma hartzen duen orain, bilakaera ere ikusten da, nundik sortu zen eta zertan den orain. Hori da jasotzen ari garena, oroimenerako.

I.S.: Batez ere, ez dagoelako artxibo hau. Bilatzen saiatuz gero, ez dago halako materialik Akelarrearen inguruan, edo oso mu­rritza da, irudi zaharrak, gaizki grabatuak eta halakoak. Beraz, esan genuen: zeoze txukuna egin behar dugu.

M.A.: Iruditzen zaigu 40 urte luzeetan iraun duen zerbait, frankismoaren ondorengo urteetan sortua, jende batek espazio berri bat behar duelako hainbat gauza aldarrikatzeko, eta ez dagoela horren inguruko materialik jasota. Gauza oso berezia da, Hernanin soilik egiten dena eta 40 urte luzeetan iraun duena, askorik pentsatu gabe, nolabait esateko. Lekukoak ere pasa dira asko pentsatu gabe, agertzen zen jendeari. Beti izan da inprobisatutako ekimen bat eta aldi berean aldarrikepenetarako espazioa. Gauza asko nahasten diren zerbait da eta uste dugu merezi duela jasota uztea.

 

Duela 7 urte hasi zineten zuek Akelarrean parte hartzen; zer da zuentzako Akelarrea?

I.S.: Ez dakigu zer duen, baina nolabaiteko pizgarri izan daiteke. Herriko jaien hasiera, erritual berezia, zuk zeuk egina… San Juanen hasiera.

M.A.: Txikitatik ikusi dugun zerbait da, agian ulertu gabe. Nik uste horrek ere eragin berezia duela norberarentzat, ikustea zenbat jende biltzen den plazan adibidez. Txikitan oso modu ezberdin batean biziko zenuen, gero ulertzen hasten zara zer gertatzen den, gauza bakoitzak zer esan nahi duen, eliza, sorginak, etab. Hernaniar identitatean ekarpen bat izan daiteke, komunitate baten parte egiten gaitu Akelarreak.

I.S.: Hori da. Jendeak asko bizi duen zerbait da, nahiz eta ateratzeari utzi inguruan jarraitzen du, urtero ikusten. Festen hasiera markatzen du, baina baita Hernani bera ere. Eta jende ezberdin askoren elkargune izan da. Eskola ezberdinetako gazteak elkartzen ditu, mugimendu ezberdinetakoak; erritual bat da ia. 16 urte inguru izan eta desiatzen dago jendea Akelarrean parte hartzeko.

M.A.: Bizitzako fase berri batean sartzen garelako agian. Adibidez, aurten zerrendak jarri behar izan ditugu parte hartzea kontrolatu ahal izateko. 350 pertsona aterako dira kalejiran eta egun batetik bestera bete ziren zerrendak, eta batez ere belaunaldi berriak dira. Hauentzako festetako ilusio handienetako bat Akelarrean ateratzea dela dirudi.

 

Zerbaiten pizgarri, komunitatearen oinarri, baina baita aldarrikapenerako espazio ere.

I.S.: Berez, urtez urte testuinguruaren arabera aldatzen doa eman nahi den mezua, nahiz eta antzerkiak beti aldarrikapen berdina duen. Adibidez, lurraren defentsa izan zen iaz, eta Palestinaren aldekoa duela bi urte. Aurten, euskeraren aurkako oldarraldia salatu nahi dugu, eta baita ere euskal udalekuen aurka atera diren epaiak. Nik uste beharretik ateratzen diren aldarrikapenak direla, eta argazki zaharrak ikusterakoan, eta faltan botatzen dudana nik behintzat, da jendeak aldarrikapen propioak ere eraman izan dituela, denetarikoak. Eta hori bultzatzen ere saiatuko gara aurten. Momentua da horretarako, azken batean, plaza gurea da une horretan, mundu guztia dago zuri begira.

M.A.: Beti izan da politizatutako espazioa. Hasieratik bukaerara, kontzienteago edo inkontzienteago, baina beti izan da. Hasieratik dago elizaren edota inkisizioaren aurkako mezua eta hortik garatzen da testuinguruaren arabera. Jarrera hori mantendu nahi izan dugu aurten ere euskararen edota euskal udalekuen aurkako erasoekin, baina nik uste dut Akelarrearekin datorren zerbait dela aldarrikatzeko beharra eta testuinguruari egokitzeko gaitasuna. Badu malgutasun bat agian beste espazio batzuk horrenbeste ematen ez dutenak eta uste dut Akelarrean gauza asko aldarrikatu daitezkeela. Garai batean asko azpimarratu izan zen emakumeen aurkako tortura, eta formatua egokitu da antzerkiaz gain irakurketa politiko bat ere egon dadin, egoerak eskatzen duena.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!