San Joanen aurreko ekintzak, motorrak berotzeko jarduerak... Batek ez du jakiten nola deitu ere, baina jaiak hasi aurretik ere egitarau zabal-zabala izaten da herrian. Eta aurtengoan inoiz baino lehenago hasi da atzera kontaketa, 11 egun lehenago.
Preludioarekin kasik hunkituta sartu zitzaizkigun buruan, eta uneoro gure barruko soinu-banda osatu, 'Guazen mendirik mendi euskaldun gazteak...' gora eta 'Ta San Juaaaan, beeetiiii zaituuut gogoaaan...' behera. Eta doinuok burutik ateratzeko asti nahikorik ere izan dugu, baina Urumea ikastolaren megafono nekaezinak gogora ekarri dizkigu egunotan.
Doinuak gorabehera, eta giroa berotzeaz ari garela, aurtengoan motorretik kea dariela iritsi dira San Joanak. Eta ez bakarrik tenperaturengatik, 30 gradukoak egun gehien-gehienetan, jardueretako gonbidatu bereziak balira bezala.
Galdetu diezaietela bestela larunbatean Azeri Bilan aritu zirenei. Tira, horiek ohituta daude, ezta? (tokatu ote da Azeri Bilarik tenperatura 'normalekin'...).
Halako tenperaturekin eta beroketak 11 egunez luzatuta, luze egingo zitzaion itxaronaldia askori. Baina hemen dira, bai. Lehengo lepotik burua, ordea. Edo lehengo berotik izerdia. Are haundiagoa gainera, jaien aurreneko egunetan... Eta gaurkoan zer, eta sua piztu behar.
Sua, literala edo metaforikoa, Akelarreko kideek ziur piztuko dutena, urteurren borobileko emanaldiarekin. Eta sua, ondoren, Plaza argituko duena. Su bat bestearen atzetik, eta jaien beroena iristear. Ez dadila inor kizkali behintzat...