Milagrosako aparkalekuan kokatuko dira barrakak, aurtengo San Joanetan. Aurreko urteetan ohitura bilakatu zen Karabelen izatea, baina «feriatzaileen ordezkariek aurten bertara ez zirela joango adierazi zuten», eta Udala, feriatzaileekin batera, irtenbide bat bilatzen hasi zen. Eremuaren segurtasun-baldintzak eta irizpide teknikoak aztertu, eta feriatzaileekin adostasuna lortu ondoren, Urumea ikastola zenaren eremuan kokatuko dira barrakak, «behin-behineko alternatiba gida».
Beste hainbeste aukera aztertu zituen Udalak, baina «guztietan zailtasun eta zalantza ugari identifikatu ziren». Udalaren borondatea zen Karabelen kokalekua lehenestea, eta «feriatzaileen esku jarri ziren baliabide guztiak, haien jarduera errazteko; besteak beste, espazioaren erabilerari eta hornidura elektrikoari lotutako kostuak bere gain hartzea». Hala ere, feriatzaileen ezezkoa jaso zuen Udalak, eta «adostasun batera iristeko borondaterik ez zegoen», beraz, barraken presentzia bermatzeko bide bakarra kokaleku berri bat bilatzea zela ondorioztatu zen.
Horrela, ekainaren 23tik 28ra egongo dira irekita barrakak; San Joanetan 11:00-14:00 eta 17:00-01:30 bitartean, eta hilaren 28an, Haurren Egunean 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 bitartean, txartelen prezioa merkeagoa izanik, 1,5 eurokoa. Bestalde, barraken eremua inklusiboagoa izateko, egunero 17:00etatik 19:00etara musika eta argia itzaliko dira.
Aparkalekuari dagokionez, hilaren 29ra arte egongo da itxita, desmuntaia bukatzen den arte. Horrenbestez, Izpizua kaleko Txantxilatik udal euskaltegirako tartean aparkaleku batzuk ahalbidetuko dira, «sortuko den eragozpena arintzeko asmoz». Karabelen ere, gaurtik hilaren 29ra arte, aparkaleku gehigarriak sortuko dira, «herritarrei zerbitzua emateko». Auzoko sarreratik Landare aldeko errepidea norabide bakarrekoa izango da, beste erraiak beteko baitu aparkaleku funtzioa.