Herriartekoaren finalean izango da Hernani berriro, Oiartzunen ere erabat nagusituta

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 20a

Oier Arsuaga pelota astintzen, joanekoan. Halaxe aritu zen Oiartzunen ere.

Arsuagak eta Zugastik 22-6 irabazi zuten kadete mailakoa, eta horrekin ziurtatu zuen finalerako txartela Hernanik, baina jubeniletan ere irabazi zuen. Nagusiena ez zen jokatu, goterak tarteko.

Bigarren urtez jarraian, eskuzko Herriarteko Txapelketaren finalean izango da Hernani. Eta oraingoan, aurreko urteko txapelduna semifinaletan egurtuta iritsiko da Atanoko zita haundira: bueltakoan ere jokatutako bi partiduak irabazita, 5-0eko emaitzarekin nagusitu zaio Hernani Oiartzuni, seigarrena ez baitzen jokatu goterak tarteko.

Lanak bukatzera joan ziren pelotari hernaniarrak Oiartzunera, atzo iluntzean; eta baita berehala bukatu ere, etxekoei ezustekorako aukera txikiena ere aitortu gabe. Hasieran parekatu xamar aritu arren, Oier Arsuagak eta Lier Zugastik sekulako nagusitasuna erakutsi zuten kadete mailakoan, eta 22-6 menderatu zituzten Erauntzetamurgil eta Etxepare. Horrekin, finalerako txartela ziurtatu zuen Hernanik. Atzelaria bueltan da gainera, eta indartsu, zita nagusirako.

Baina ez zen konformatu Hernani, eta jubeniletan ere nabarmen nagusitu ziren Ekhi Oses eta Manex Alberdi, Iradiren eta Oyarzabalen kontra. Berehala hartu zuten abantaila, eta 22-12 irabazi zuten azkenean.

Sekulako euri zaparrada izan zen orduan, eta horrek goterak eragin zituen frontoian. Gauzak horrela, eta ezer jokoan ez zegoenez, nagusien mailakoa bertan behera utzi zuten.
 

Aduna edo Bergara kontrario, finalean

Ekainaren 28an jokatuko du finala Hernanik, Donostiako Atano frontoian, oraingoan txapelak ekarri nahian. Kontrarioa bihar goizean ezagutuko du, 10:00etatik aurrera jokatuko baitute beste semifinaleko bueltakoa Adunak eta Bergarak. Joanekoan Bergara nagusitu zen 2-1, eta lau tantoren abantaila dauka alde; baina Adunan izango da bueltakoa, eta oso irekita dago kanporaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!