Orain dela bost urte, hainbat herritarrek Hernani Burujabe izeneko prozesua eraikitzeari ekin zioten. «Gure bizitzan oinarrizko diren eremuak gero eta mekatilizatuagoak zeudela ikusita, hau da, elikadura, energia, zaintza eta etxebizitza bezalako arloak negozio huts bilakatu zirela jabetuta, genuen kezkatik abiatu ginen».
Horrela, «herriko nekazaritza eta abeltzaintza zaintzeko Henase, Herrilur eta Bertatik ekimenak sortu ziren; energia berriztagarria sustatzeko, Enherkom eratu zen; zaintza publiko-komunitario sistema bat bilatzeko, Eltzekoa taldea sortu, Auzozaintza programa eratu eta Maitelan kooperatiba sustatu zen; etxebizitzaren egoerari erantzuteko, Etxegura elkartea sortu eta Etxebizitza Behatokia abian jarri zen; Herriko komertzioak babesteko Ekhi moneta jarri zen martxan; Bioaniztasuna mantentzeko Sagarreta Natur Taldea lanean jarri zen; eta telekomunikazio azpiegitura propioak eraikitzeko EHkom kooperatiba ere lanean jarri zen».
Eta nabarmendu dutenez, «hori guztia euskera ardatz hartuta egin da, feminismo, ekologismo zein justizia sozialaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako ikuspegi batetik eraikitzen saiatu gara». Bestalde, Bidea Herritar Taldeak adierazi du Hernani Burujabe prozesua sustatzen ari dela, eta «negozio logika basatiak nahieran kudeatzen zituen hainbat espazio irabazten» ari dela.
Hala ere, diotenez, «oraindik asko dago egiteko». Horregatik, hernaniarrei «prozesu polit honetan» parte hartzeko gonbitea luzatu nahi die, «elkarrekin indartsuago izango garelako».