Behatoki Ibiltariaren ondoren, etxebizitza hutsen egoera ardatz

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 21a

Ekimen honen baitan, Hernaniko hainbat auzotako erabilerarik gabeko etxebizitza kopurua atera da.

 

Pasa diren lau astetan, Etxebizitza Behatokiko eta Etxegura elkarteko kideak Hernaniko hainbat auzotan ibili dira, etxebizitza hutsen inguruko lanketa burutzen. Zehazki, asteazken arratsaldero auzo bat zeharkatu dute; Kaxkoa, Antziola, Portu eta Florida-Etxeberri, hurrenez hurren. Helburua zen «auzo bakoitzeko errealitatea bertatik bertara ezagutzea eta herritarrekin partekatzea; etxebizitzaren gaia herritarrekin batera landuz eta prozesu horretan haien parte hartze aktiboa sustatuz».

Lanketa egiteko erabilitako irizpideak izan dira, batetik, kontsumo minimoa edo kontsumorik ez duten etxebizitzak; eta bestetik, erroldatutako biztanlerik ez duten etxebizitzak. Horrela, irizpide horiek kontuan hartuta, honakoak dira auzo bakoitzean identifikatu diren etxebizitza hutsen kopurua: Kaxkoan 160, Antziolan 116, Portun 36 eta Florida-Etxeberrin 119. 

Orain, auzoetara datu eta zifrak eramatea da intentzioa, herritarrekin batera aztertzeko, hausnarketarako guneak sortzeko eta etxebizitzaren inguruko lanketa kolektiboa sustatzeko. Bestalde, ekimenaren bultzatzaileek etxebizitza hutsen mobilizazioa lehenetsi nahi izan dute; diotenez, etxebizitza horiek biziberritzeak «aukera emango luke hernaniar gehiagok herrian bertan beren bizi-proiektua garatzeko eta etxebizitza bat eskuratzeko gaur egun dauden zailtasunei erantzuten laguntzeko».

Azkenik, Etxebizitza Behatokitik eta Etxeguratik nabarmendu dutenez, «etxebizitza ez da merkatu-logikaren arabera ulertu beharreko ondasuna, oinarrizko eskubide soziala eta bizitza duina bermatzeko ezinbesteko baliabidea baizik». Eta horregatik, diote hutsik dauden exebizitzek eragin zuzena dutela etxebizitza eskuratzeko zailtasun egoeran, baita herritarren bizi-baldintzetan ere, etxebizitzak duen oinarrizko funtzioa ez baita betetzen. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!