«Obraren estreinaldia berezia izango da, eta hernaniarrekin partekatu nahi nuke»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 21a

Vito Rogado aktorea, Kronikarekin izandako solasaldian.

Uztailaren 3an eta 4an estreinatuko du Valium Teatro konpainiak 'Una tarde en el Limbo', Osiñaga auzoko baserri baten lorategian.

 

12 urte daramazki Valium Teatrok, Hernanin formatu oso bereziko antzezlanak eskaintzen: Osiñaga auzoko baserri batean egiten dituzte, bertako lorategian eszenatokia prestatu eta aulkiak jarrita, 50 bat lagunentzat. Vito Rogado eta Javi Alonso hernaniarrak daude proiektuaren atzean, aurrenekoa aktore lanetan eta bigarrena zuzendari eta gidoigile. 

Obra bat prestatuta, hiru bat urte egiten dituzte horrekin, hiru uda, astero bina emanaldi eskainiz. Eta estreinaldi urtea dute aurtengoa: 'Una tarde en el Limbo' izenekoa jarriko dute martxan, aurreneko saioak uztailaren 3an eta 4an eskainita.

Estreinaldikoak saio bereziak izaten direla nabarmendu du Vito Rogadok: «Saio horietan jan-edan pixka bat ere eskainiko diegu bertaratuei, eta nahiko nuke obraren estreinaldia nire lagunekin eta Hernaniko jendearekin partekatu». Horregatik, herritar guztiei luzatu die bertaratzeko gonbitea. Edozein saiotarako, telefonoz egin behar da erreserba, 649 874 184 telefonora deituta. 30 eurokoa da sarreraren prezioa.

Izan ere, estreinaldiko astean ez ezik, uztaileko eta abuztuko ostiral eta larunbat guztietan eskainiko dute emanaldia, eta baita iraileko lehenengo astean ere. 19 emanaldi izango dira guztira, euriak baimenduz gero. Arratsaldeko 19:30etan hasiko dira denak, baina ordubete lehenago zabalduko dituzte ateak, ikusleek inguruneaz gozatzeko aukera izan dezaten, musikarekin: «Gure etxeko lorategia bihurtu dugu antzerkirako espazio, eta tokia oso polita da. Gauza ederra da kalitatezko antzezlanak horrelako leku batean ikusi ahal izatea. Jende askok esaten digu, emanaldiak noiz hasiko zain egoten direla. Hona datorrenak, errepikatu egiten du normalean».

Aurreneko urteetan, barbakoa ere egiten zuten emanaldiaren bukaeran: «Oso argentinar erara egiten hasi ginen, etxekoekin bezala, baina ahazten joan da eta moldatu egin dugu. Dena den, oso gertukoa izaten da giroa», azaldu du aktoreak.

Bi emakumeren arteko topaketa, Limbo tabernan

Limbo tabernaren terraza irudikatuko dute aurten estreinatuko duten obran, eta bertan egingo dute topo guztiz ezberdinak diren bi emakumek: idazle akomodatu bat, eta behartsu bat. Talka sozial horren baitan pasako dute arratsaldea.

Ohi bezala, Vito Rogado izango da aktoreetako bat, eta oraingoan Sandra Ferrus izango du lagun oholtzan. Aurrekoak bezala, antzezlan dibertigarria izango da, baina tragikomikoa.

Aurrean, berriz, 50 ikusle obra berria ezagutzeko gogotsu: «Toki askotatik etortzen zaizkigu ikusleak, baina gutxiengoa izaten dira hernaniarrak, eta nahiko genuke herritar gehiago etortzea eta ezagutzea».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!