Urtero bezala, Udako Solstizioa ospatuko da gaur Chillida Lekun, San Joanen aurretik. Aurtengo udari ongietorria emateko, 'Itzalak trostan eta galopan' izenburupean, dantza izango du oinarri ikuskizunak, Inés Aubert, Myriam Pérez Cazabon eta Tartar Kolektiboak sortutako koreografiekin. Eta ondoren, DJ Bihotzak jarriko du musika Chillida Lekun, darkwave estilotik technora doazen abestiekin, besteak beste.
20:30etan hasiko da emanaldia, baina ordubete lehenago zabalduko dituzte museoko ateak. Oraindik salgai daude sarrerak, museochillidaleku.com webgunean, 25 euroan. Eta gogoratu hernaniarrek erdi prezioan (12,5 euroan) eskuratu ditzaketela tiketak, Biterin salgai daudenak. Guztira 100 sarrera jarri ziren Hernaniko kultur etxean, beraz mugatuak dira, eta amaitzen direnean, hernaniarrek museoko webgunean eskuratu beharko dituzte sarrerak, prezio normalean (25 euro), nahiz eta hernaniarrak izan.
Hiru hernaniarren parte hartzea, dantzaren sorreran
Inés Aubertek, Myriam Pérez Cazabonek eta Tartar Kolektiboak dantza laborategian sorkuntza prozesu bat burutu dute, emanaldia prestatzeko; eta horren parte izan dira lau hernaniar: Jaione Irazu, Eba Lasuen, Begoña Moral eta Enara Agirrezabala.