Gaztetasunetik «erakusteko asko» 'Maialen' traineruak, gaurtik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 20a

'Maialen' traineruko kideak, Zinkoenean, osteguneko aurkezpenean.

Astilleron hasiko du ETE Liga, arratsaldean; eta etxeko bandera jokatuko du bihar Pasai San Pedron, 11:20etan.

 

Gaur hasiko du traineru denboraldia Hernanik, ETE Ligako aurreneko estropadarekin: Astilleron ariko da 'Maialen' trainerua, arratsaldeko 17:00etan hasita. Eta bihar bertan, etxeko bandera izango dute jokoan Pasai San Pedron: Hernaniko Bandera izango da ligako bigarrena, goizeko 11:20etatik aurrera.

Trainerua uretaratu aurretik, ohi bezala, jendaurrean aurkeztu zuten ostegun arratsaldean, bertan ariko diren arraunlariekin batera. Honakoak dira aurtengo 19 taldekideak, Asier Ocon entrenatzaileak gidatuta: Maialen Aizkorbe, Ninbe Aizpurua, Nahia Aldasoro, Laia Álvarez, Neus Diez, Elene Eguren, Eider Elosegi, Intza Gorostiaga, Laia Igerategi, Maialen Iparragirre, Nora Iturzaeta, Intza Larburu, Naia Peñagarikano, Ane Saizar, Nahia San Argimiro, Johana Turon, Haizea Urruzola, Inge Vidaurre eta Estitxu Zabala. 

Zabalak berak aitortu zuen, beste urte batez kostata osatu dutela trainerua: 10 dira etxekoak, sei Tolosaldeatik batutakoak, eta beste hiru Kataluniatik eta Valentziatik etorriak. Ongietorria eman zieten haiei, ekitaldian.

Eta beste urte batez, era berean, «oso talde gaztea» izango du Hernanik: «Jubenil mailako asko, eta lehenengo zein bigarren urteko seniorrak. Baina horrek ez du esan nahi ez daukatenik ilusiorik, gogorik, indarrik eta esperientziarik, aurreko urteetan ere aritu baitira ontzi txikietan. Erakusteko asko daukagu».

Erakusteko asko, eta aukera zabala horretarako: 14 estropada, abuztuaren 23ra bitarte.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!