San Joanetako erasoen kontrako protokoloa aurkeztu dute gaur goizean

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 19a

Udalak, Mugimendu Feministak, AMHER-SOS Arrazakeriak, Txosna Batzordeak, Berriak merkatari eta ostalarien elkarteak eta herriko tabernariek mezu bateratua helarazi dute festen atarian. 

Tilosetan izan dira gaur goizean Hernaniko Udaleko, Mugimendu Feministako, AMHER-SOS Arrazakeriako, Txosna Batzordeko eta Berriak merkatari eta ostalarien elkarteko kideak, baita herriko tabernariak ere, San Joanetako erasoen kontrako protokoloa aurkezteko, eta horrekin batera, mezu bateratu eta argia helarazteko: «Ez dugu onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik, jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izatea nahi dugulako».

Naia Barrenetxea Hernaniko Mugimendu Feministako kideak irakurritako aldarrikapen testuan, gainera, iazko San Joanetan gertatutako eraso arrazista «bortitzak» gogora ekarri dira, eta adierazi da horien aurrean erantzuten jarraituko dela. Eta aurten eraso arrazistei aurre egiteko, Txosna Batzordeak protokolo antiarrazista sortu du. 

Horrez gain, baliabide eta zerbitzu ezberdinak eskainiko dira jaiak irauten duten bitartean. Alde batetik, Informazio Gunea izango da Tilosetan, ekainaren 23 eta 25ean, arratsaldeko 18:00etatik gaueko 22:00etara. Honen helburua da herritarrek indarkeria sexistaren gaian kontzientzia izatea, arreta telefonikoaren berri ematea eta, oro har, informatzea izango da. 

Bestetik, aipaturiko erasoen arretarako telefonoa (688 685 164) ere martxan egongo da, jaiak irauten duten bitartean, 24 orduz, eta Emagin elkartekoek kudeatuko dute. Zehazki, telefono zerbitzua ekainaren 23ko arratsaldeko 18:00etatik hilaren 28ko goizeko 08:00ak arte izango da martxan. Honen helburua da San Joanetan gertatzen diren erasoak jasotzea eta laguntza behar den kasuetan erasotuari arreta ematea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!