Lanik zailena egina dauka Hernanik, eskuzko Herriartekoaren semifinaletan, joanekoan Oiartzuni 3-0 irabazita, 31 tantoren aldearekin. Baina finala jokatzeko txartela ziurtatu behar, eta horretara joango dira Oiartzunera gaur, 20:00etan hasiko den jaialdira. Hernaniarrek nahikoa dute hiru partiduetako bat irabaztea, edota hiru partiduak galdu arren denera 36 tanto pilatzea.
Oier Arsuagak eta Liher Zugastik jokatuko dute kadeteetan; eta printzipioz Ekhi Oses-Manex Alberdi eta Oier Apaolaza-Markel Lizeaga ariko dira jubenil eta nagusietan, baina posible da aurrelarietan aldaketak izatea kadeteen emaitzaren arabera.
Joanekoan zenbait zalek izandako jarrera salatu du Hernaniko Pelota Elkarteak
Bueltakoaren atarian, Hernaniko Txirri Pelota Elkarteak salatu du joanekoan zenbait zalek izandako «jarrera desegokia», Oiartzungo pelotariekiko. «Bertan ikusi eta entzuna ez dugu inola ere babesten. Uste dugu pelota lehiak errespetuan oinarritua izan behar duela, eta ez dugu normaltzat hartzen beste klubetako pelotariei iseka edo oihu egitea». Horregatik, barkamena eskatu die Oiartzungo klubari, pelotariei eta pelotazaleei.