Txitxi-burruntzi isats-zuria

Iñaki Mezquita Aranburu 2026ko ekainaren 19a

Txitxi-burruntzi isats-zuri arra.

Orthetrum albistylum

 

Odonatuek ez dute isatsik, ez noski, baina espezie hau identifikatzeko hain baliagarria den ezaugarria azpimarratu na­hi izan du izenak, eta isatsa beti animaliaren amaierarekin lotzen dugunez, ongi etorria izan dadila okerra!

 

Ezaugarriak

Burruntzi ertain/handia da txitxi-burruntzi isats-zuria. Bere anaiordea den Txitxi-burruntzi isats-beltza baino luzeagoa eta bera baino itxura lirainagoko burruntzia dugu. Arren begiak urdin/turkesak dira (ez berdeak) eta bularraldearen alboetan marra argi batzuk nabaritzen zaizkio. Abdomenaren kolorazio urdina oso argia da, azken segmentuak belztuta ditu eta zuriak dira apendizeak. Emea, berriz, marroixka eta horixka da, eta abdomenaren bukaera (apendizeak barne) zuria du. Hegoetako pterostigmak (hego ertzeko gelatxo koloredun horiek) beltzak dira.

 

Portaera eta bitxikeriak

Ez dira urte asko pasa lehen aldiz penintsulan aipatu zenetik, eta Gipuzkoan soilik aurkitu da oraingoz. Hernanin aurkitu izana oso pozgarria eta baliotsua izan da, bertan ugaltzea baieztatu ez bada ere.

Espezie lehiakorra da, baina badaki espazioa partekatzen, batez ere burruntzien kopurua mardula denean. Bere tamainak eta sendotasunak jerarkia erakusten du azaltzen den urmaeletan. Libellulidae Familiako kide askok bezalaxe, pausatutakoan hegoak aurreraka eramaten ditu, bere burua babesteko edo irradiazioari aurre egiteko. Emeak oso izutiak dira eta ez da batere erraza behatu ahal izatea, estalketan nahiz bakarka.

 

Txitxi-burruntzi isats-zuriaren estalketa.
 
 

HEGALDI EPEA

*Klimatologia lagun badugu.
Ugariagoak dira udako hilabeteetan, ekainetik aurrera.

 

HEDAPENA ETA UGARITASUNA

Japoniaraino eta Txinaraino zabaltzen da bere hedapena, Europa erdialdean zehar hedatuaz. Gipuzkoan bakarrik aurkitu dugu Erkidegoan eta penintsula osoan, Iparraldean ugariagoa bada ere, baina ez dago babestuta.

 

GEHIAGO SAKONTZEN...

Odonatuen abdomeneko apendizeak

Abdomenaren amaieran odonatuek dituzten apendizeak badute bere zeregin eta zergatia, ez dira kapritxo bat. Arren kasuan, estalketarako emeari heltze funtzioa betetzen dute, horretarako burruntziek hiru apendize dituzte (bi gainaldean eta beste bat behealdean) eta sorgin-orratzek lau (bi gainaldean eta bi azpialdean). Burruntzi arrek emeari burutik heltzen diote begi artean apendize bakar hori (azpikoa) jarriz eta begien atzean beste biak. Sorgin-orratzek aldiz toraxaren hasierako zatitik heltzen diete, pintza bat eginez bi apendize bikoteen artean. Biak ala biak trebeak dira hegan estalketa burutzeko ihes egiten duten bitartean. Emeen apendizeak, berriz, sarritan ura eta landareak ukitzeko eta errutean hobeto maneiatzeko balio izaten dute, ez dute heltze funtziorik, arren kasuan ez bezala.

 
 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!