Ekainaren 9tik 15era Serbiako Novi Sad hirian CMASek antolatutako Apneako Indoor Munduko Txapelketa ospatu zen. Bertan izan zen Txomin Mugica hernaniarra, bere lehendabiziko mundialean parte hartzen. Eta aletarik gabeko dinamikan (DNF) laugarren geratu zen, Espainiako DNFko marka hautsiz, 210,5 metro jarraian ur azpian zeharkatuta.
Real Sociedad Subacuaticas taldeko apneistak urte zoragarria izan du, mundialera joateko hautatua izatea ahalbidetu diona. Madrileko Irekiko sailkapen orokorrean nagusi izan zen lehendabizi Mugica, Euskadiko marka hautsiz DNFn. Ondoren, Espainiako Indoor Apnea Txapelketa jokatu zuen hernaniarrak, eta orokorrean marka onak lortzeaz gain, DNFko txapeldun izan zen.
Horrela iritsi zen Serbiara, 34 herrialde ezberdinetako 250 kirolari inguru batu zituen munduko txapelketara. Espainiako selekzioko kideak, bestalde, euskaldunez osatutako taldea izan zen; izan ere, Txomin Mugica hernaniarraz gain, Garikoitz Iruretagoiena apneista zizurkildarra ere lehiatu baitzen txapelketan, laugarren onena izanda apnea estatikoko modalitatean (8 minutu eta 51 segundu iraun zituen ur azpian).