Ordiziatik hasi, Gasteiztik igaro, eta Eibarren amaitutako lasterketa mordoan hartu dute parte Hernaniko atletismo taldeko kirolariek, eta mordoa izan da lortu duten domina kopurua ere.
Hasteko, apirilaren 25ean, Ordiziako Altamirako pistan, Gipuzkoako 2.000 metroko oztopoen 18 urtez azpiko txapelketan, Uxue Rodriguezek zilarrezko domina lortu zuen. Hurrengo egunean, Tolosako Berazubiko pistan, Eskolarteko Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldian, Irati Olazabalek 2.000 metrotakoan brontzea eskuratu ez ezik, Udane Barralek xabalinan ere lortu zuen. Altamirara bueltatu ziren Chioma Favour eta Amaiur Arandilla maiatzaren 3an, infantil mailako Gipuzkoako Eskolartekoaren hirugarren jardunaldira. Favourrek urrezkoa lortu zuen pisuan, eta Arandillak zilarrezkoa 80 metrokoan.
Hurrengo asteburuan Gasteizera bidaiatu zuten atletek, Mendizorrotzako pistara. Bertan, 18 eta 20 urte arteko Euskadiko aire zabaleko txapelketan, Irune Mateok urrezkoa lortu zuen 3.000 metroko lasterketan, eta Uxue Rodriguezek brontzea oztopoen 2.000 metrokoan. Hurrengo egunean, Donostian, Gipuzkoako Eskolartekoan, infantil neskak (Chioma Favour, Irati Mena, Aissatou Corbella eta Amaiur Arandilla) podiumera igo ziren, 4x100 metroko errelebotan hirugarren geratuta.
Maiatzaren 17an, Lasarten, beste domina bat eskuratu zuen Arandillak, brontzezkoa, Gipuzkoako Eskolarteko proba konbinatuen txapelketan. Hilaren 23an, goizean, Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak ospatu ziren Irunen. Bertan, Irati Olazabalek urrea 3.000 metrokoan, Amaiur Arandillak urrea 80 metrokoan, eta Aissa Corbellak zilarra 500 metrokoan lortu zituzten. Arratsaldean, Arrasaten, 18 urtez azpiko 3.000 metrokoan zilarrezkoa lortu zuen Irune Mateok, eta 16 urtetik azpikoan brontzea Joanes Azkuek. Azkenik, maiatzaren 31n Eibarko Unbe pistan, Irati Olazabalek urrezkoa irabazi zuen Gipuzkoako infantil mailako txapelketan, martxako 3.000 metrokoan.