Palestinako errefuxiatuei elkartasuna erakusteko murala margotu dute Latxunbeko futbol zelaian, herriko hainbat gaztek. Euskadiko UNRWA gobernuz kanpoko erakundearn eskutik, 'Gazte Artibistak II' prestakuntza programan hartu dute parte Hernani Institutuko DBHko ikasleek, eta programari bukaera emateko elkartu ziren Latxunben, 'Frida y Punto' muralistarekin. Horrela, elkarlanean burutu zuten ekintza 'artibista', prozesuan zehar garatutako hausnarketak, mezuak eta sorkuntza kalera ateratzeko, eta herritarrak sentsibilizatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, EAEko 12 ikastetxetan garatzen ari da programa, eta horren baitan, ikasleek landu dituzte giza eskubideekin, justizia globalarekin, bakearen kulturarekin eta nazioarteko elkartasunarekin lotutako hainbat eduki.