Bihar arratsaldean egingo du urteko batzarra Ekhilur kooperatibak, 17:00etan Biterin. Bertan aurkeztuko dizkie bazkideei 2025eko memoria, eta aurrera begirako plangintza eta aurrekontua. Bertaratzeko asmoa duenak, hernaniburujabe.eus atarian dagoen galdetegia bete behar du.
Ekhilurrek nabarmendu du «sendotu» egin duela «ordainketa sistema kooperatibo eta arautua Hernanin», eta egungo sarearen datuak eman ditu: 1.400 erabiltzaile, 130 profesional eta saltoki, zortzi elkarte eta Hernaniko Udala biltzen ditu.
2025ean ia 3 milioi euroko bolumena izan zuela jakinarazi dute, eta 120.000 eragiketa baino gehiago egin zirela. «Gaur egun, sareko saltokietan egiten diren ordainketen %15 egiten da Ekhilur bidez, batazbeste».
Gainera, azaldu dute azken hilabeteotan hainbat herrialdetako erakundeek erakutsi dutela interesa Ekhilurren funtzionamendua ezagutzeko, eta Amsterdameko Nieuw-West barrutian MokumPay egitasmoa jarriko dutela martxan datozen hilabeteotan, besteak beste Ekhilurren inspiratuta.