Ez da nolanahiko hitzaldia, larunbat honetan Hernaniko udaletxean entzungai izango dena: euskaltzain oso izendapenari dagokion sarrera-hitzaldia eskainiko du Irene Arrarats Lizeagak, goizeko 11:30etatik aurrera, udaletxeko pleno aretoan. Kazetaritzako hizkeraz eta hizkuntzaren manipulazio ideologikoaz arituko da hernaniarra.
Joan den azaroaren 28an izendatu zuten Arrarats euskaltzain oso, eta Euskaltzaindiaren barne-arauek agintzen duten moduan, sarrera-hitzaldia egitea dagokio orain. Hernanin eskainiko du, berezia izango den ekitaldian. Hasteko, Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak 'Haize hegoa' pieza eskainiko du, eta ondoren, bertaratuei ongietorria emango diete Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak. Aurkezpena egingo dute Miren Agur Meabek eta Erramun Osak, Euskaltzaindiaren idazkariak eta idazkariordeak, Arraratsi hitza emateko.
Kazetaritzako hizkera eta hizkuntzaren manipulazio ideologikoa, hizpide
'Hitzak haizean, hitzak erauntsietan' izendatu du bere sarrera-hitzaldia hernaniarrak. Aurreneko zatian, kazetaritzako hizkeraz arituko da: «Kazetaritzako hizkerak nolako eragina duen hizkuntzan, oro har, eta hizkuntzaren bilakabidea nola islatzen den hizkera horretan; eguneroko prentsa eta estilo-liburuak zein lagungarriak diren hizkuntza-normalizazioan, euskara estandarraren probalekuetako bat direnez gero; zein garrantzitsua den Euskaltzaindia eta komunikabideak elkarlanean aritzea araugintza gizarteratzeko lantegian...». Bigarren zatian, berriz, hizkuntzaren manipulazio ideologikoa eta propaganda izango ditu hizpide hernaniarrak.
Bere hitzartzea bukatuta, Miriam Urkiak emango dio erantzuna, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkari denak. Eta azkenik, karguari zin egingo dio Arraratsek, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasotzearekin batera, euskaltzainburuaren eskutik.
35 urtez Euskaldunon Egunkarian eta Berrian, «txiripa hutsez» hasi ondoren
Geografian eta Historian lizentziatu ondoren, alfabetatzeko eskolak hartu zituen Hernaniko AEKn, euskaltzaletasunak bultzatuta. Eta lizentzia eskuratu berritan, bertako irakasle batek proposatuta hasi zen Euskaldunon Egunkarian lanean, zuzentzaile gisa. Horregatik dio berak «txiripa hutsez» ekin ziola alor honi. Kontuak kontu, horri lotuta egin du bere garapen profesional osoa: «Izugarri gustatzen zait egiten dudan lana».
Euskaldunon Egunkarian aritu zen 1991tik 2003an itxi zuten arte, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile aurrena, eta euskera-arduradun ondoren. Gainera, Egunkariak argitaratutako estilo-liburuaren egileetako bat izan zen 2001ean.
2003tik, berriz, Berria egunkariko euskera-arduraduna da, eta estilo-liburuaren zuzendaria. «Komunikaziorako eredu egokiak proposatzea eta eguneroko prentsan aplikatzea» da bere langintzaren muina, «hizkuntzaren alderdi guztiak kontuan hartuz». Bera izan zen estilo-liburua paperetik internetera eraman eta webgunea sortzeko lanen ardura ere, eta gaur egun, eguneroko esperientzian ikasitakoa Berriaren estilo-liburu digitalean jasotzea du zeregin nagusietako bat.
Hitzaldiak eta ikastaroak ere eskaintzen ditu, hartzaile espezializatuentzat zein publiko orokorrarentzat, idazkuntza, komunikazio-estrategiak, zuzenketa eta itzulpengintza landuz, besteak beste. Hizkera sexistaren auzia ere landu du zenbait udaletan eta ikastetxetan.
Hain juxtu, horixe izan du beste ildo garrantzitsu bat bizitzan, feminismoari dagokiona. Bi alorretan landu du hori, bereziki. Batetik, Berriaren estilo-liburuan bertan aritu da horretan, sexismoaren gaia landuz deontologiari buruzko atalean. Eta bestetik, itzulpengintzatik ere heldu dio, feminismoari lotutako lau liburu euskeratuta: Monique Wittigen 'Pentsamendu heterozuzena' 2017an, beste itzultzaile batzuekin batera; Simone de Beauvoirren 'Bigarren sexua' saiakera 2019an; Nancy Fraserren 'Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat' 2021ean, beste batzuekin batera; eta Marjane Satrapiren 'Persepolis' komikia 2023an.
Euskaltzaindiaren lanetan parte hartzen, 2007tik
Orain arte 35 urteko ibilbide profesionala osatu badu egunkarietan, oso bide oparoa egin du Euskaltzaindiaren baitan ere. 2007an hasi zen akademiaren lanetan parte hartzen, eta zenbait batzordetan aritu da ordutik. Hiztegi Batuko lantaldeko kide izan zen hasieran, 2007tik 2017ra, eta Exonomastika batzordera batu zen berehala, 2009tik 2024ra. Beste bi batzordetako kide da gaur egun, 2017tik: Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldea, eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordea. Euskaltzaindiaren 'Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018' nazioarteko biltzarrean ere hartu zuen parte.
«Euskal prentsaren eta Euskaltzaindiaren arteko zubi-lana» ezarri dio egiteko gisa bere buruari betidanik: Euskaltzaindiak seinalatutako bidea urratu eguneroko prentsan, eta euskeraz lan egiten duten profesionalen ikuspegia eraman Euskaltzaindiaren batzordeetara.
Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen 2020tik 2023ra, eta horren barruan, baita Hizkuntza eta Generoa Batzorde-atal Bereziaren zuzendaria ere.
Etziko sarrera-hitzaldiaren atarian, Arraratsek 2004an Senez aldizkarian argitaratu zuen artikulu bateko aipua ekarri du gogora Euskaltzaindiak, «bere pentsamendu eta ekintzaren laburpen gisa» balio dezakeela iritzita: «Ondo idaztea ez da gramatika arauak betetzea bakarrik; ez da ortografia zaintzea bakarrik, ezinbestekoa izanagatik. Euskara zuzena egitea ez da nahikoa; euskara ona egitea ere ez: biak batuz lortuko dugu euskara egokia, euskal irakurleak gozatzeko modukoa».