Autonomiarteko Hartubol Topaketaren bigarren edizioa, pasa den asteburuan Hernanin

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 17a

Larunbat osoan zein igande goizean zehar 25 partidu jokatu ziren, eta parte hartu zuten Kataluniatik eta Madriletik etorritako taldeek.

Autonomiarteko Hartubol Topaketaren bigarren edizioa ospatu zen pasa den asteburuan zehar, Hernaniko kiroldegian. Goiz Eguzki Hartubol Taldearekin batera, beste hainbat taldek hartu zuten parte, Madril eta Kataluniatik etorritakoak. Larunbat osoan zehar zein igande goizean zehar, guztira, 25 partidu jokatu ziren. 

Horrela, larunbatean, goizeko 09:30etan ongietorria egin zitzaien bertaratutako taldeei, aurreskuarekin eta Goiz Eguzki Abesbatzaren kantuekin; eta jarraian, 10:00etan, ekin zitzaion partiduak jokatzeari. Goiz eta arratsaldeko esfortzua saritzeko, eta beroak zein jarduera fisikoak murriztutako pilak kargatzeko, kirolari guztiek Akarregi sagardotegian egin zuten txapelketaren afari ofiziala. 

Igande goizean beste hainbeste partidu jokatu eta gero, sariak banatzearen txanda heldu zen. Talde eta kirolari guztiek urrezko
domina jaso zuten, «denak direlako txapeldunak, meritu haundia dute, 70, 80 edo 88 urteko jokalariek kantxa atera eta jokatzea, beraz ez zuten gutxiago merezi».

 

Denboraldiko azken ekintza, bihar

Bihar emango diote amaiera denboraldiari Goiz Eguzki Hartubol Taldeko kideek, aurtengo azken ekintza burutuz. Horrela, goizeko 10:00etan kiroldegian, Hartubol ate irekien saioa izango da. Adineko herritar guztiak daude gonbidatuta, baita Astigarraga, Urnieta, Lasarte-Oria, Andoain edo Villabonako jubilatu elkarteko kideak ere, eta helburua da «talde gehiago sortzea gure inguruan eta elkarren arteko topaketak burutzea».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!