Oharra zabaldu du Hernaniko Txirri Pelota Elkarteak, Herriarteko Txapelketaren semifinalean gertatutakoak azaleratu eta salatzeko. Aditzera eman duenez, «zenbait afizionatuk jarrera desegokia» izan zuten Oiartzungo pelotariekiko, Hernaniko kiroldegiko frontoian jokatu zen jaialdian zehar. «Bertan ikusi eta entzuna ez dugu inola ere babesten».
«Uste dugu pelota lehiak errespetuan oinarritua izan behar duela, eta norbere klubeko pelotariak animatzea normaltzat hartzen badugu ere, ez beste klubetako pelotariei iseka edo oihu egitea», azpimarratu dute. «Bestalde, partiduan min hartu zuen Oiarpeko Mikel Leonet pelotariari ere barkamena eskatu nahi diogu, zenbait jendek izan zuen portaeragatik».
Gauzak horrela, Hernaniko klubetik dei egin diete pelotazaleei, frontoira joatean, «errespetuzko jarrera izan dezaten, eta Herriarteko Txapelketa eta gainerakoak pelota giro onean jokatu daitezen». Era berean, elkarteak konpromisoa hartu du «gure eskuetan dagoen guztia egiteko, horrela izan dadin».