Musika eta kirola, San Joanei begira motorrak berotzen jarraitzeko

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 17a

Goiz Eguzki abesbatzaren kontzertua, pasa den urtean.

Aurreko ostiral eta larunbateko preludioen ondoren, aste honetan hamaika jarduera prestatu dira, bihar hasi eta igandera bitartean izango direnak. Tartean, Azeri Bila, abesbatza ezberdinen kontzertuak eta abar luze bat.

 

Pasa den astean Preludio txikia zein nagusia izan ziren, ostiral eta larunbatean, hurrenez hurren. Eta bihartik igandera bitartean, hamaika jarduera izango dituzte hernaniarrek, San Joanei begira motorrak berotzen jarraitzeko. Goiz Eguzkik antolatutako bi jarduera izango dira biharkoan. Goizeko 10:30etan Buruntzaldeako adinekoekin ate irekiak prestatu ez ezik, hartubolean ere ariko dira. Eta arratsaldean, Goiz Eguzki abesbatzak, urtero bezala, udaberriko kontzertua eskainiko du, Goiz Eguzkiko lorategian (euria eginez gero, udaletxeko areto nagusian). Goiz Eguzkitik azaldu dutenez, «ekitaldia gure Ginkgo Biloba maitearen babesean ospatuko da, eszenatoki natural paregabean». Horrela, Vinaixa Gartzia Ezeizak zuzenduko du saioa, eta arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

Ostiral arratsaldean izango dira hurrengo jarduerak; horietako bat, Goiz Eguzkik berak prestatutakoa: kaleko jolasetan arituko dira, 16:00etan hasita. 17:00etan, berriz, Gerardo Plazaren oroimenezko haurren Xake Topaketa izango da Biteri plazan, 14 urtetik beherakoentzat; eta izenematea 16:45etan izango da. Eta 19:00etan inauguratuko dute, Biteri kultur etxean, Hernaniko Akelarrearen 40garren urteurrenaren harira osatutako erakusketa.

Egun osoan zehar izango da zer egin larunbatean. 08:00etan Aurorak izango dira, Goizuetako Umore Ona eta Ereñotzuko Ozenki abesbatzekin; 10:00etan Hondarribian, berriz, foso unibertsaleko plater tiraketa egingo dute: Hernani Sari Nagusia, Txantxangorri elkarteak antolatuta. Arratsaldea gimnasia erritmikoko ikasturte amaierako erakustaldiarekin hasiko da, 17:00etan, 10 minutu beranduago hasiko den Azeri Bila lasterketarekin jarraituz: gaztetxoak lehenik, eta helduak ondoren, 18:00etan. Azkenik, udako solstizioaz gozatu ahal izango dute Chillida Lekun 20:30etan egingo den ekitaldirako sarrera dutenek. 

Eta igande goizean zehar hiru jarduera antolatu dira. Lehenik eta behin, 09:30etatik aurrera, palankarien 53garren proba egingo dute, Sagastialdeko atletismo pistan, Etxeberri elkarteak antolatuta. Ondoren, 10:00etan, Hondarribian compack sporting plater tiraketako Hernani Sari Nagusia jokatuko da, Txantxangorrik antolatuta hori ere. Eta azkenik, Emakumeen Traineru Estropaden Ligaren baitan, Hernaniko Banderaren bosgarren edizioa jokatukoda. Pasai San Pedron izango da estropada, goizeko 11:30etan hasita.

 

Azeri Bilaren pasa den urteko edizioa.
 
 

SAN JOANEN AURREKO EKINTZAK 2026

BIHAR, osteguna

10:30, Buruntzaldeako adinekoekin ate irekiak eta hartubola, kiroldegian. Goiz Eguzki elkarteak bultzatuta.

19:00, Goiz Eguzki abesbatzaren kontzertua, Goiz Eguzkiko lorategian. 

EKAINAK 19, ostirala

16:00, Kale jolasak, Goiz Eguzki elkartearen eskutik.

17:00, Haurrentzako (gehienez 14 urte) Xake Topaketa Biteri plazan, Gerardo Plazaren oroimenez. Izenematea 16:45etan.

19:00, Hernaniko Akelarrearen 40garren urteurreneko erakusketa, Biterin.

EKAINAK 20, larunbata

08:00, Aurorak, Ozenki eta Umore Ona abesbatzekin. 

10:00, Foso unibertsaleko plater tiraketa, Hondarribian: Hernani Sari Nagusia.

17:00, Gimnasia erritmikoko ikasturte amaierako erakustaldia, kiroldegian. 

17:10 eta 18:00, Azeri Bila lasterketa: haurrak lehenik, eta helduak ondoren, 18:00etan.

20:30, Udako solstizioa Chillida Lekun, sarrerarekin.

EKAINAK 21, igandea

09:30, Palankarien 53garren proba, Sagastialdeko pistetan, Etxeberri elkartearen eskutik.

10:00, Compack Sporting plater tiraketa, Hondarribian: Hernani Sari Nagusia.

11:30, ETE Ligako estropada: V. Hernaniko Bandera, Pasai San Pedron.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!