Juanjo Uria Zubiarrain da egungo Hernaniar Bikaina. Urtarrilean jakinarazi zuen Xalaparta elkarteak, eta joan den larunbatean egin zion aitortza, ekitaldi berezi batekin, elkartearen 44garren urteurrena ospatzearekin batera. Bere ohiko apaltasunarekin jaso zuen aitortza Uriak. Hain zuzen ere, hernaniarrak «bazkarian zehar jasotako zorion mezu piloa eta bere erantzun apalak» nabarmendu ditu Xalapartak berak.
Konpainia onean azaldu zen Juanjo Uria Xalaparta elkartera, familiak, lagunek, Xalapartako bazkideek eta esker ona erakutsi nahi zioten beste hainbat herritarrek lagunduta. Elkarteak sortutako giro ederra lagun, Mayi Ugartemendiak eman zion, Xalapartaren izenean, Mikel Cristy artistak egindako eskultura.
Mañel eta Ekaitz Ruiz anaiek, museko txapelak
Ekitaldia bera baliatu zuten, ohi bezala, Xalapartako Mus Txapelketaren sariak banatzeko. 43garren edizioa izan du torneoak, eta Mañel eta Ekaitz Ruiz anaiek jantzi dituzte aurtengo txapelak. Era berean, Hernaniko enpresek emandako opariak banatu zituzten partehartzaileen artean.
