«Txosnetan ez dugu eraso matxista, arrazista, erreakzionario edo faxistarik onartuko»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 17a

Txosna Batzordeko eragileen ordezkariak, asteleheneko agerraldian, Tilosetan.

Txosna Batzordeak aldarrikatu du festak askatasunez bizitzeko «ezinbestekoa» dela «txosnagunea eta jendea errespetatzea».

 

Agerraldia egin zuen Hernaniko Txosna Batzordeak, astelehenean, aldarrikatzeko «ezinbestekoa» dela «txosnagunea eta jen­dea errespetatzea, festak askatasunez bizi ahal izateko». Horrela, diote, «denon artean eraikiko dugu nahi eta behar dugun festa eredua».

Zentzu horretan, mezu argia helarazi du San Joan jaien atarian: «Txosna eremuan ez dugu inolako eraso matxista, arrazista, erreakzionario edo faxistarik onartuko. Lan horretan aritzen gara urte osoan zehar, eta festetan ere hala egingo dugu».

Txosna Batzordea osatzen duten eragileek (Askapena, Bilgune Feminista, Boltaia, Denak Etxera, Ernai, Harrera, Hernaniko Gazte Asanblada, Hernani Errugbi Elkartea eta Mugimendu Sozialista), «kurtso politikoaren amaiera gisa» ere ospatu nahi dituzte herriko jaiak, eta horretarako osatzen dute txosna eremua, «jai gu­ne alternatiboa, euskeratik eta euskeraz sortua dena, eta baita herritik eta herriarentzat ere».

Gune hori, «militantzian eta balio askatzaileetan» oinarritutakoa izatea nahi dute, eta gizarte kapitalistak sortzen dituen zapalkuntza guztien aurkakoa. Hori horrela, «tresna desberdinak» jarri dituzte martxan, «lekuz kanpo dauden jarrerei modu kolektiboan erantzun ahal izateko: urtero bezala bere egingo dute eraso matxisten aurkako protokoloa, eta aurten protokolo antiarrazista ere osatu du, «txosnagunean eta herri osoan errespetuz eta balio askatzaileen baitan bizitzeko festak. Ez dugu onartuko balio horiek errespetatuko ez dituen jarrera baztertzaile, arrazista, gordofobo edo LGTBI+foborik». Erasoren bat bizi edo ikusiz gero, txosna bakoitzeko arduradunengana jo dezakete herritarrek, salatu eta erantzun kolektiboa emateko.

Azkenik, Txosna Batzordeak elkartasuna adierazi dio palestinar herriari, eta salatu ditu «estatu sionistarekin kolaboratzen duten instituzio eta enpresak». Horren harira, erabaki dute Coca-Cola enpresaren hornikuntzari boikot egitea txosnetan. 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!