Goiz Eguzkiko parkea girotuko dute bihar Hernani Musika Eskolako helduek eta kantu modernokoek

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 16a

Ikasturte bukaerako emanaldia eskainiko dute, arratsaldeko 18:30etan hasita. Biterin izan ohi den emanaldia kalera atera dute oraingoan.

 

Ikasturte bukaerako emanaldietan murgilduta dago Hernani Musika Eskola Publikoa, eta ia arratsaldero ari dira kontzertuak eskaintzen, Biteri kultur etxean. Bihar arratsaldean izango da azkenaurreko saioa, baina kasu honetan, kalera aterako dute emanaldia: Goiz Eguzkiko parkean ariko dira musika eskolako helduen taldeak eta kantu modernoko ikasleak, arratsaldeko 18:30etan hasita. Kontzertua aire zabalean eskaintzeko hautua egin dute, «errepertoriaren izaeragatik eta uda aurreko garai honetan hain berezia den ingurune batean gozatzeko aukeragatik».

Guztien artean, 14 piezako egitarau zabala eskainiko dute, Bob Dylanen 'To make you feel my love' abestiarekin hasi, eta Boris Fominen 'Those were the days' piezarekin bukatuta, Ixiar Gurmendik euskerara ekarri duena ('Haiek ziren egunak'). Honako musikariak ariko dira bertan: Iban Setien piano-jolea, Olatz Sarria eta Xabier Odriozola biolin-joleak, Mikel Astiz baxuarekin, Xabier Amilibia gitarrarekin, Elena Urruzola klarinetearekin, eta Ainara Garin flautarekin. Haiekin batera, bost abeslarik jarriko diete ahotsa musika-doinuei: Rexu Olazabalek, Arantzazu Martínezek, Mikel Salaberriak, Rosilene Paviak eta Ixiar Gurmendik berak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!