«Interes elektoralistak lehenestea» leporatu dio PSEk EH Bilduri

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 16a

Zehazki, 2027ko hauteskundeetarako Elizatxoko igogailua amaitzea lehenesten dutela diote, «auzotarren kezka eta beharren aurretik».

 

Atzietako garapen urbanistikoaren kudeaketaren inguruan, «interes elektoralistak lehenestea» leporatu dio Hernaniko PSEk EH Bilduri. Sozialisten arabera, 2027ko udal hauteskundeetarako Elizatxoko igogailua amaitzea lehenesten du Udal Gobernuak, «auzoarentzat ahalik eta akordiorik onena bilatu beharrean». 

Diotenez, txosten tekniko bat eskatu zuten martxoan, «jarduketa ingurunean hobeto integratzea eta bizilagunentzat atseginagoa egitea ahalbidetuko luketen proiektuaren balizko aldaketak aztertzeko, baita aldaketa horren ondorioak ezagutzeko ere». Eta sozialistek salatu dute orrialde eta erdiko txostena bi hilabete eta erdi geroago iritsi zaiela. «Tartean, alkateak batzorde batean dokumentua mahai gainean zuela aitortu zuen, baina oraindik sinatu gabe». 

Ondorioz, sozialistek haien jarrera aldatzea erabaki zuten maiatzeko osoko bilkuran, zeinean Atzietako bizilagunak zeuden. Horrela, nahiz eta orain arteko erabaki guztien alde agertu, herritarrek aurkeztutako alegazioei emandako erantzunaren aurka bozkatzea erabaki zuen PSEk: «Denbora daramagu egiten ditugun proposamenak aztertzeko eskatzen, eta posible den eta horren ondorioak ezagutu gabe, ez dugu garapen hori babesten jarraituko», diote. Gainera, osoko bilkuran, Udal Gobernuak sozialistei leporatu zien proposamenak egin izana ondorioak ezagutu gabe, eta salaketa hori gaitzetsi nahi dute sozialistek; izan ere, «martxoan egindako proposamenean ondorio horiei buruz galdetu genuen».

Horrela, PSEren ustez, «EH Bilduren lehentasuna Elizatxoko igogailua 2027rako burutzea da, kudeaketaren balantze gisa amaitutako obra bat aurkezteko, nahiz eta horrek ekarri proiektua hobetu dezaketen proposamenei jaramonik ez egitea eta bizilagunen eskaerei hobeto ez erantzutea».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!