Hernanik ia erabakita utzi du Herriartekoaren finalerako pasea

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 13a

Manex Alberdi eta Ekhi Oses, jubeniletan lortutako garaipena ospatzen.

3-0 gailendu zaio Oiartzuni etxean, semifinaletako joanekoan. Zabala-Arsuaga 22-20 nagusitu dira kadeteetan, Oses-Alberdi 22-13 jubeniletan, eta Apaolazak eta Lizeagak 22-2 irabazi dute, 8-2koarekin atzelari oiartzuarrak min hartu ondoren.

Festa giroak hartu du Hernaniko frontoia, Herriartekoaren semifinaletako joanekoarekin. Bai harmailetan, lepo beteta eta final baten itxurako anbientearekin; eta baita kantxan ere, 3-0eko emaitzarekin ia erabakita utzi baitu Hernanik finalerako txartela. Izan ere, emaitza orokorraz gainera, 31 tantoren abantaila dauka alde.

Kadete mailako partiduan, puntu borrokatua bezain garrantzitsua lortu dute Hegoi Zabalak eta Oier Arsuagak, Hernanirentzat. Lehia estua eta gogorra izan da bi bikote gazteenen artean, hasieratik; baina partiduaren erdialdera lauzpabost tantoren aldea lortu dute oiartzuarrek. Bueltatu dira bere onera hernaniarrak, eta jokoa atzean kargatuta lortu dute partidua berdindu ez ezik, baita aurrea hartzea ere (15-14), bereziki Arsuagaren joari esker.

Hortik aurrera parekatu egin da lehia berriro, akats batzuk ere tarteko; baina oiartzuarrek bi tantoren alde arriskutsua zabaldu dute 17-19koarekin. Urduri jarri gabe, nagusitasuna berreskuratu dute hernaniarrek, eta 20na berdintzea lortuta, haientzat izan dira bi tanto erabakigarriak; azkenekoa, Arsuagak ezkerrez egindako bi pareta eder batekin (22-20).

Markagailua zabalagoa izanagatik (22-13), ez dute partidu erosoa izan Ekhi Osesek eta Manex Alberdik, jubenil mailakoan. Hernani eta Oiartzun pare-parean izan dira partiduaren erdira arte. Horren erakusgarri da, zortzigarrenez berdindu dutela lanerditan. Abantailarik haundienak bi tantokoak izan dira Hernaniren alde, eta oiartzuarrek aurrenekoz hartu dute aurrea 10-11 jarrita (0-1ekoaz geroztik).

Baina espejismo bat izan da. Ordura arte Alberdi atzean eusten ari bazen, eta Oses aukera zuenean pelotari abiadura eta indarra ematen, hortik aurrera erabat nagusitu da aurrelari hernaniarra. Sekulako joarekin eta errematean fin, tantoak bata bestearen atzetik kateatu ditu, eta ihes egin dute hernaniarrek markagailuan (19-11). Alberdiren huts batek eman die arnasa oiartzuarrei (19-12), baina atzelari hernaniarrak berak ederki konpondu du hurrengo tantoan, pelotakada ederra jota. Ordurako ez zieten aukerarik emango kontrarioei, eta 22-13koarekin lotu dute bigarren puntua.

Eta bukaera aldrebesa izan du jaialdiak, atzelari oiartzuarrak min hartu baitu ezker hankan, 8-2 zirela. Ordura arte nagusitzen ari ziren Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga, atzelaria pelota astintzen zein jaisten bikain, eta aurrelaria errematean zoragarri, ezker gantxo indartsua baliatuz. Bigarren tanto luze-luzearen ondoren, abantaila hartu dute hernaniarrek (4-0 eta 7-2), eta orduantxe hartu du min atzelari oiartzuarrak, zabalean pelota bat jaso ondoren.

Ez da jarraitzeko moduan izan, eta aurrelari oiartzuarra bakarrik aritu da hiru tantoz, 11-2koarekin amore eman duen arte. Hortaz, 22-2ko emaitzarekin nagusitu da Hernani, kanporaketa ia erabakita utziz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!