San Joanak gerturatzen ari dira, eta herria girotzen hasi beharra dago, Preludioarekin. Gaur izango da, hain zuzen, San Joanetako iragarpen kontzertu berezia, gaueko 22:30etan, eta bederatzi urteren ondoren, konfirmatu du Udalak Gudarien Plazan izango dela, ez baitago euri tanta bat bera ere erortzeko arriskurik. Aurreko urte horietan guztietan, euriaren mehatxupean, Atsegindegin izan zen ekitaldia.
Karla Ferreñok eta Aritz Zerainek aurkeztuko dute 31garrena den edizioa, eta urtero bezala, herriko musikari zein kultur eragileak izango dira protagonista.
Ereñotzuk eta Txirritak, presentzia berezia
Aurtengoan, Jose Manuel Lujanbio 'Txirrita' bertsolariak eta Ereñotzuk presentzia berezia izango dute: bertsolariaren heriotzaren 90garren urteurrena da, eta Ereñotzuko festetako San Antonio egunarekin bat egingo du Preludioak. Oroimenerako tartea ere izango da, Txirritaz gain, 36an fusilatuak izan zirenak eta aurten hil den Miguel Lujanbio oroitzeko tartea, hain zuzen.
Horrela, kontzertua 12 piezak osatuko dute. Jorge Pachecok zuzendutako Musika Bandak, Kristina Solano trikitilariak, Eli Pagola bertsolariak edota Ttarla dantza taldeak parte hartuko dute ikuskizunean. Akelarreko pertsonaiak ere hurbilduko dira aurtengo preludiora, sortu zeneko 40garren urteurrena baita. Horrez gain, aurtengo txupinazoa botako duen eragileetako bat ere izango da Akelarrea, Kontrakantxa gaztetxearekin.
Lehenengo ilara, inklusiboa
Aurten ere, lehenengo ilara inklusiboa izango da. Mugikortasun zein ikusmen arazoak dituzten herritarrentzako erreserbatuko da, «eurek ere Preludioaz ahalik eta ondoen gozatzeko aukera izan dezaten», konfirmatu du Udalak.