Erraldoi berriak, Hernaniko kaleak alaitzen

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 11

Aratz Ikastolak antolatuta, erraldoien dantza tailerra egin zuten atzo arratsaldean, eta kalejiran ibili ziren ondoren, Karabelgo Konpartsa Txiki sortu berriarekin batera.

Ederra izan zen atzoko arratsaldea Hernanin, erraldoiak gustuko dituztenentzat. Aratz Ikastolak antolatuta, erraldoien dantza tailerra egin zuten Atsegindegin, bi saiotan, Buruarinak elkartearen eskutik. Eta saioaren arrakasta nabarmendu du ikastolak berak: «Arratsalde aparta igarotzeko aukera izan zuten partehartzaileek. Giro ezin hobea, alai eta dibertigarria nagusitu zen hasieratik amaierara. Herriko haurrek ilusio haundiz hartu zuten parte tailerrean, eta erraldoien mundua gertutik ezagutzeaz gain, dantzaz eta jolasez gozatzeko aukera izan zuten».

Tailerraren ondoren, kalejira ere egin zuten, eta horrek herrian «festa giro paregabea» zabaldu zuela azpimarratu dute: «Musika, dantza eta partehartzaileen irribarreak lagun izan zirelarik, Hernaniko kaleak alaitasunez bete ziren, herritarren artean giro beroa eta zoriontsua sortuz».

Kalejira horretan hartu zuen parte, baita ere, sortu berri den Karabelgo Konpartsa Txikiak. Kalejiran ateratzeko aukera izanda, auzoko gaztetxoak «oso pozik» ibili zirela nabarmendu dute Konpartsako kideek, eta aitortu dute «resaka emozionalarekin» esnatu direla gaur.

Jarduerak izan duen harrerakin pozik, Aratz Ikastolak eskerrak eman nahi izan dizkie bertaratu eta parte hartu zuten herritar guztiei. Eta eskerrak eman dizkie, baita ere, ekimenaren laguntzaile izan diren Karabelgo Konpartsa Txikiari berari eta Berriak Elkarteari, «emandako laguntzagatik eta herri mailako jarduera hau posible egiteagatik. Horrelako elkarlanek herrigintza indartzen dute, eta komunitatea saretzen laguntzen dute, guztion artean Hernani biziago eta partehartzaileago bat eraikiz».

 

 

Erlazionatuak

Erraldoien dantza tailerra

Kronika - Erredakzioa eka 11, 14:39 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!