Ave Maria Parkean aurkitu daitekeen sorgin-orratz handiena dugu, hala ere bere itxura oso luzeska eta liraina da. Udan hegan hasten bada ere, errazagoa da udazkenean ikustea, sahats eta beste zuhaixka eta landareen adar eta zurtoinetan bere arrautzak txertatu bitartean.
Ezaugarriak
Sorgin-orratz luzea da, eta bere luzera 39-48 mm. artekoa izaten da. Ez du ia sexu-dimorfismorik, hau da, arrak eta emeak itxura berdina dute, ugal-aparatua alde batera utzita. Bere familiako gehientsuenak bezala, kolorazio berde metalizatua du, zahartzaroan kobre kolorekoa ere bihurtzen da. Toraxaren, eta abdomenaren azpiko aldea beix argi kolorazioa du. Bere pterostigmak oso bereziak dira, eliptikoak baitira bere familiako gainontzekoenak ez bezala, hasieran oso argiak dira, baina denboraren poderioz ilundu egiten zaizkio, inoiz erabat belztu ez arren.
Portaera eta bitxikeriak
Arrak lurkoiak eta lehiakorrak izan arren, ez dira besteengandik oso urrun ibiltzen. Errutea ikusgarria da, bikotean egiteaz gain, sarritan, bikote mordo bat elkarrekin aritzen delako zuhaitz edo zuhaiska berean arrautzak txertatzen. Horretarako, laban txiki bat bezain zorrotz dauden organo batzuk (hiru guztira), aurreko biak eginiko orbanean hirugarrenetik arrautza ateratzen da zirrikituan itsasteko. Gero, orban horretan, karatxo baten itxurako orban bat sortzen da. Hortik, larba izango den sasi larba bat aterako da uretan garatzeko.
Sahatsetako berdeska arratsalde bero eta sargorietan erraza da ikustea, batez ere sahatsen inguruetan. Bere familiako beste espezie batzuen antzera, ia beti hegoak irekita pausatzen da, bertikalki edo zurtoin bati helduta.
HEDAPENA ETA UGARITASUNA
Europako mendebaldean eta erdialdean bizi da, nagusiki (Ingalaterran azaldu berria da, eta Eskandinavian ez dago), Ipar Afrikako leku batzuetan ere ageri da. Euskal Herrian oso espezie arrunta eta zabaldua da.
Sahatsetako berdeska ez dago babestuta.
HEGALDI EPEA
Ez da espezie oso goiztiarra, normalean ekaina erdialdera azaltzen da hegan. Gero, ordea, desagertzeko garaian, azkenetako edo azken sorgin-orratz espeziea izaten da desagertzen.
GEHIAGO SAKONTZEN...
Arrautzak, larbak eta ura
Gure odonatuen larbak uretan garatzen dira. Lur planetan ezagutzen diren 6000 espezie ingurutik bakarra da bere larba uretan garatzen ez dena (eta Ozeanian bizi da). Arrautzak ordea ez dira beti uretan edo uretan dauden landareetan jartzen, udazkeneko euriteak hastean urez estalita geratzen diren landare eta zoruetan ere jartzen baitituzte espezie batzuk. Arrautza puskatu eta ur bila joateko ere ahala badute espezie batzuk, 8 edo 10 metro bete jauzi txikiak eginez. Gero, uretan, eta espeziearen arabera, azala 6-17 aldiz aldatuko dute intsektu hegalaria bilakatu arte. Azken azala uretatik kanpo geratuko da, harri bati edo landare bati helduta 'emergentzia' deitzen diogun gertakizun harrigarria gauzatuaz.