Denboraldi osoko lan bikainaren aitortza jaso du Haritz Otxotorena Uralde hernaniarrak, Gipuzkoako Futbol Federazioaren eskutik: bera izendatu dute aurtengo entrenatzaile nabarmendua, lurraldeko guztien artean.
Gipuzkoako Futbol Sarien galan jaso zuen errekonozimendua Otxotorenak, Irungo Ficoba auditorioan.
Izan ere, sekulako denboraldia osatu du hernaniarrak, Antiguoko taldearen gidari, jubenilen Espainiako Ohorezko Mailan; estatuko maila gorenean, alegia. Beste hernaniar bat izan du laguntzaile, gainera: Pettan Uralde izan da bigarren entrenatzailea. Bien aginduetara, bere multzoko bigarren izan da Antiguoko, soilik Athleticen atzetik, eta Alaves, Reala, Eibar eta Osasuna bezalako taldeen aurretik.
Datorren denboraldian, beste koxka bat egingo dute gora Otxotorenak eta Uraldek: Pasaiaren entrenatzaile izango dira, RFEF hirugarren mailan, estatuko gizonezkoen futboleko bosgarren maila gorenean.