Maiatzaren 24an eta 30ean izan ziren Hernani gimnastikako kirolariak Durangon, Euskadiko Txapelketan, eta bi domina lortu zituzten: June Ruedak zilarrezkoa mazoekin, eta Nerea Echarrik brontzezkoa sokarekin. Horrez gain, laugarren postua lortu zuen Ruedak, Senior Master A kategorian, Elene Rodriguezekin batera; eta Echarrik bosgarren postua, June Clementerekin batera.
Beste hainbeste kirolari ere izan ziren podiumetik gertu: Erika Marquez laugarren uztaiarekin Kadete A kategorian; Ainhoa Prados laugarren sailkapen orokorrean, pilota eta xingolarekin egindako lanagatik; eta Senior A taldea laugarren (18 talderen artean). Azkenik, Maider Iriondo zortzigarren onena izan zen, Jubenil A taldeak zazpigarren postua lortu zuen, eta Kadete B taldeak hamahirugarrena (32 talderen artean).
Horrez gain, maiatzaren 23an Euskadiko Joko Eskolarrak izan ziren, Eskoriatzan. Bertan, Hernaniko bi kidek Laia Laskozek eta Irune Alsuakk laugarren postua eskuratu zuten, binakako modalitatean. Araitz Berozek eta Eider Salvadorrek, bosgarren eta zazpigarren postuak eskuratu zituzten sailkapen orokorrean, hurrenez hurren, haiek baino kategoria bat goragoko gimnasten aurka.