Hernanin egingo dute hartuboleko bigarren Autonomiarteko Topaketa, asteburu honetan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 10a

Hernaniko Goiz Eguzki Hartubol Taldeko kide bat, Ourenseko taldearen aurka.

Madrilgo bost talde, Kataluniako hiru, eta gonbidatu gisa, Hernaniko boleiboleko gurasoak izango dira topaketan, Goiz Eguzkikoekin batera.

 

Autonomiarteko Hartubol Topaketaren bigarren edizioa ospatuko da asteburu honetan zehar, Hernaniko kiroldegian oraingoan. Pasa den urteko edizioan Madrilen izan ziren Hernaniko Goiz Eguzki Hartubol taldeko kideak, eta aurten honakoak etorriko dira herrira: Torrelodones, Chamberí, Venturada, Madrid Rio eta Todo Madrid, Madriletik; eta Alela, Mansou eta Masella, Kataluniatik. 

Horrela, 150 kirolari inguru biltzea espero da, 65 urtetik gorakoak gehien-gehienak. Izan ere, gonbidatu modura parte hartuko dute txapelketan Hernaniko boleibol taldeko gurasoek, Hartuboleko taldea osatzeko prozesuan daudenak. 

Partiduak, halaber, hiru mailatan banatuko dira: +65, +70 eta +80, adinaren arabera alegia. Gutxi gorebehera 28 partidu jokatuko dira, eta hori posible izateko, hiru boleibol kantxa ahalbidetuko dira kiroldegian.

Ongi etorria egingo zaie kanpotik datozen taldeei, larunbat goizean, 09:30etan. Jarraian partiduak hasiko dira, 13:00ak arte luzatuko direnak. Bazkalostean berriro ekingo diote norgehiagokari, 16:00etatik 19:00etara. Baina ez dute hor amaituko eguna, Akarregi sagardortegira joango baitira elkarrekin afaltzera, eta ondoren San Joan jaietako Preludioa ikustera. 

Igandean partiduek jarraituko dute, goizean zehar. 10:00etan hasiko dira berriro ere, eta 13:00ak arte iraungo dute. Orduan sari banaketari ekingo diote, bigarren edizioari amaiera borobila emateko.

Eta eskerrak eman nahi izan dizkiete Goiz Eguzkitik, «Henaniko denda eta enpresei, haien laguntza gabe zaila izango litzake egiten ditugun ekintza guztiak burutzea. Udalak ere lehen momentutik sinistu zuen proiektuan, eta bere babesa ezinbestekoa da hau dena aurrera ateratzeko».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!