Bazirudien eguraldiak baimenduko zuela Tilos 7 Pasako finalak bere tokian, Tilosetan, hasi eta buka jokatzea; baina xirimiri labur batek aldrebestu du goiza, azkeneko bi finalak kiroldegira mugitzera behartuta, mutilen lehenengo mailakoa hasita zegoenean.
Edonola ere, giro ederrekoa izan da finalen goiza, Tilosetan zein kiroldegian; eta banatu dituzte bost txapel pareak, aurtengo bikote onenei buruan jarrita.
Nesken bigarren mailako finalarekin ekin diote, eta horixe izan da denetan azkarrena. Maitane Gomez eta Izaro Gomez ahizpak erabat nagusitu zaizkie Izaro eta Maddi Arraras ahizpei, eta partidu laburrean lortu dute garaipena (22-4).
Gogorragoa izan da nesken lehenengo mailakoa, segidan. Hasieratik hartu dute aurrea Ekhiñe Balerdik eta Uxue Aranburuk, eta baita lau tantoren abantaila (9-5) lortu ere, baina ondo eutsi diete Ainhoa Urienek eta Ane Zubirik, eta berdinduta iritsi dira lanerdietako etenaldira (11-9). Atsedenetik bueltan ere parekatuta segi du lehiak, baina gorriak bizpahiru tantoren aldearekin izan dira uneoro, eta azkeneko zatian zuzenean egin dute 22rako bidea, urdinen akatsak baliatuz (22-15).
Txapelketa herrikoia izan da segidan, eta oso tanto luzearekin ekin diote Xenki Astiazaran-Josu Iparragirre eta Borja Tejedor-Txema Gorostegi bikoteek. Partidu estua eta gogorra izango zela zirudiena, ordea, desorekatu egin dute Astiazaranek eta Iparragirrek gerora, eta nabarmen nagusitu dira azkenerako (22-6).
Tilosetan bertan hasi dute laugarren finala, mutilen lehenengo mailari zegokiona; eta aurrea hartu dute Odei Arregik eta Alain Luisak (4-1), Aratz Luisaren eta Julen Loidiren kontra. Bost tanto jokatuta behartu du euriak finala kiroldegira mugitzea, eta bertan babes hartuta, final ikusgarri eta luzeaz gozatu dute bertaratuek. Ezin estuagoa izan da lehia, eta Aratz Luisak eta Julen Loidik jantzi dute txapela azkenean (20-22).
Eta beste horrenbestekoa izan da azkeneko finala, mutilen bigarren mailakoa: oso gogorra eta luzea. Aurreneko zatian Mikel eta Ibai Goitia aita-semeek lortu dute abantailatxoa (11-7), baina hortik aurrera nagusitu egin dira Ander Loidi eta Mikel Manterola, eta markagailua iraultzea lortu dute (16-22).