Ospakizun astea izan da hau, Hernaniko Ezponda Aseguruak enpresan. Izan ere, Forbes España aldizkariak Oihana Ezponda hernaniarra aukeratu du Estatuko finantza-aholkularitza eta ondare-kudeaketako 50 profesional nabarmenenen artean.
Oihana Ezpondak berak azaldu du, «poz haundiz» hartu dutela aitortza, baina aldi berean «erantzukizun haundia» ere badela: «Sari hau urte hauetan gugan konfiantza izan duten bezero guztiekin eta gure proiektuaren parte diren pertsona guztiekin partekatu nahi dugu», adierazi du.
Ezponda Aseguruaketik diote, aitortzak balioan jartzen duela «ia hiru hamarkadatan egindako ibilbide profesionala, familiei, autonomoei, profesionalei eta enpresei lagunduz ondarea babesten, finantza-plangintza egiten eta inbertsio-erabakiak hartzen». Eta azpimarratu dute, «bezeroen aldetik jasotako konfiantzaren emaitza» dela lorpena, «baita aholkularitza hurbil, garden eta pertsonalizatuarekin izandako konpromisoaren ondorio ere».
Zentzu horretan, gogorarazi dute «finantza-sektoreko aitortzarik garrantzitsuenetakoa» dela Forbesen zerrendan azaltzea, eta nabarmentzen dituela «bezeroei balioa emateko gaitasuna, esperientzia eta ibilbide profesional sendoa dituzten profesionalak».
«Aitortza honek, gainera, Gipuzkoan dagoen talentu profesional eta enpresariala agerian uzten du, tokiko eremutik abiatuta ere estatu mailako bikaintasun-mailak lor daitezkeela erakutsiz», adierazi dute.