Datorren larunbatean, ekainaren 13an, egingo dute Hernaniar Bikaina izendatzeko bazkaria, Xalaparta elkartean. Juanjo Uria Zubiarrainek jasoko du aitortza oraingoan, eguerdiko 14:00etan hasiko den bazkarian.
Xalapartaren 44garren urteurreneko festaren baitan emango diote Mikel Crissti artista donostiarrak egindako eskultura. Elkarteak hernaniar bati bi urtetik behin ematen dion saria da Hernaniar Bikaina izendapena, herritar baten ibilbidea eta ekarpena aitortzeko eta omentzeko.
'Agur Jaunak eta Andreak' abestuz egingo diote harrera Juanjo Uriari, bertaratutako guztiek, txistu doinuen laguntzaz. Eta segidan, 'Ohorezko Agurra' dantzatuko diote. Eguerdiko 14:00etan izango da hori.
Bazkariaren txanda izango da ondoren, eta bazkalostean iritsiko da aitortzak egiteko unea. Aurrena, arratsaldeko 16:45etan, 43garren Mus Txapelketaren sariak emango dizkiete aurtengo onenei. Eta ondoren, 17:00etan izango da Juanjo Uria Hernaniar Bikain izendatzeko ekitaldia.
Bazkarira eta ospakizunera bertaratu nahi dutenek, aldez aurretik eman beharko dute izena, elkartean bertan.