Code 41 Talent saria jaso zuen Jon Vacas Mugica hernaniarrak, berak sortutako 'Raíz' izeneko bildumagatik. Vacas Koë Atelier markako (gonbidatuentzako festa-jantzietan espezializatutako moda marka bat) sormen-zuzendaria da, eta Sevillan izan zen pasa den maiatzaren 25ean, Andaluziako Moda Astea den Sima 41ean. Bertan aurkeztu zuen bere bilduma, baita saria irabazi ere.
Koë Atelierreko zuzendariak berak azaldu duen bezala, «'Raíz' XXgarren mendeko bigarren erdiko Espainiako emakumeen iruditeria eszenikoaren berrirakurketa garaikide batetik sortzen da; garai hartan, Andaluziako folklorea herri-adierazpen hutsa izatetik identitatearen eta presentziaren sinbolo izatera pasa zen. Une hartan emakumeak oholtza bereganatu zuen determinazioz, eta soinekoa adiezpenerako, indarrerako eta eraikuntza bisualerako tresna bihurtu zen».
Horrela, bildumak «literalitatea alde batera uzten du bere oinarrizko kodeetan zentratzeko», hala nola silueta markatua, bolumen estrategikoa eta egituraren eta mugimenduaren arteko tentsioa. Lunak, parpailak eta kontrastea bezalako elementuak apaingarri hutsak izateari utzi eta hizkuntza bihurtzen direla dio artista hernaniarrak. Zuri-beltzak, gainera, «proposamena garbitzen du», lurralde soil, garaikide eta indartsuago batera eramanez. Beraz, 'Raíz' ez da iraganaren erreprodukzio bat, haren sintesia baizik.
Gaur bertan, Gasteizen izango da Jon Vacas Mugica, bilduma hauxe bera aurkeztuko baitu, F*** Fast Fashion desfilearen barruan. Plaza de la Provincian izango da ekitaldia; gaueko 21:30etan hasi eta 00:30etan amaituko da.