Hamaika proposamen Udalarentzat, Hernaniko Haurren Kontseiluko ikasleek

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 5a

Haurren Kontseiluko kideak 5garren saioan, Udaleko ordezkariekin.

Aurten ere Hernaniko gaztetxoen ordezkari izan dira Haurren Kontseiluko kideak. Hilero batu dira proposamenak lantzeko. Saio mamitsuenak apirilean eta maiatzean egin dituzte, Udalaren eta Xaxaka parte-hartze elkartearen eskutik.

 

Burutu dute Hernaniko Haurren Kontseilua aurten ere. Herriko ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako ikasle bolondresek hartzen dute parte lan-talde horretan. Egitekoa, honakoa da: Udalari haurren begiradatik herriko zerbitzu, azpiegitura eta dinamiketan positiboki eragiteko proposamenak helaraztea.

2026an hileroko maiztasunarekin elkartu da Kontseilua, eskola orduetan. Helburua da Hernaniko haurrek politika publikoetan duten partehartzea sustatu eta praktikara eramatea. Apirilekoa eta maiatzekoa izan dituzte saio potoloenak, proposamenen mamia jorratu dituztenak. Apirilaren 28an eta maiatzaren 4an, zehazki, Biterin izan ziren, bosgarren eta seigarren saioak burutzen.

 

Udalarekin dinamika, Biterin

Bostgarren saioa Biterin izan zuten haurrek, apirilaren 28an. Honetan, kultur etxe osoan zehar gela ezberdinetatik pasa behar izan ziren, jolas baten eran, ixil-ixilik. Aitor Lukas eta Tasio Agirrezabala (Haur, Nerabe eta Gazteria saileko zinegotzia eta teknikaria) bertaratu ziren. Lukas, Agirrezabala eta Xaxaka parte-hartze elkarteko dinamizatzaileak gela ezberdinetan zeuden kokatuta, eta mapa baten laguntzaz horietara joan behar ziren gaztetxoak, aurretiko ideiak landu eta informazioa eskuratzeko.

Aitor Lukas 'zirt-zart' izeneko gelan zegoen, eta bertan, ideia 'azkarrak' lantzeko aukera izan zuten galdera batzuk erantzunez. Tasio Agirrezabala, 'museoan' zegoen, Udalean martxan dauden proiektuez hitz egiteko. Honetan, ideia gehigarriak botatzeko aukera izan zuten ikasleek. Dinamizatzaileetako bat 'ezezkoen gela' izenekoan zegoen. Honetan, Udalak ezeztatutako proiektuak zeuden. Hauekiko desadostasuna adierazteko tartea izan zuten bertan haurrek. Eta beste dinamizatzailea 'sormen gelan' zegoen, goiko solairuan. Honetan, kontseiluko azken eguneko ideiak biltzeaz gain, etxebizitza eta txikileku gaiez hausnartu eta irudikatzeko material ezberdina zuten haurrek: plastilina, paper haundia, margoak...

  

5garren saioan landutako proposamen anitzak

Zirt-zart gela: «10-17 urte artekoentzat zinema tailerra, LH6-DBH2 adin tartekoentzat anime tailerra, dantza egiteko gela bat, Latsunbeko frontoi gainean sare bat baloientzat, liburutegian gure adin tarterako liburu gehiago, zineman film gehiago (udal irizpidea da haurren saioak euskeraz izatea), marrazki tailerra, epelerako jolasak, UNO eta Partxisa bezalako mahai jolasak jartzea, eta jostailu bilketa egitea».

Museo gela: «Atarrabiyo parke berria. Parke extremoagoak; batzuen iritziz, parkour estilora gerturatzen direnak; materiala behatu behar da, egurraren ordez, metala hobe. Skillpark; botikin bat jarri daiteke bertatik gertu, mina hartzen duenarentzat. Skate pista; guraso talde bat dabil skate pistako itxura aldaketarekin bueltaka. Eta parke bat hondarrarekin; Urbieta kalean izan daiteke agian».

Ezezkoen gela: «Arkade jolasak; Udalak ezin du sustatu horrelako eremurik, jolas hauek ez direlako hezitzaileak. Zinema areto gehiago; kultur ekipamendu berriaren garapenean landuko da. Kiroldegian belar artifiziala duen zelai bat; futbolak nahikoa espazio hartzen du Hernaniko kirol instalazioetan; ez da beharrezko ikusten. Salto egiteko toki libre bat; lantzeko ideia. Parke bat hondarrarekin; Atarrabiyon sortu berri da. Iturri gehiago sortu; ez da aurreikusten; aurreko urtean txukundu ziren. Kalean bizi diren animaliei etxeak aurkitu; badaude elkarteak hauez arduratzen direnak. Komun publiko gehiago jolastokietan; ez dago aurrekonturik horretarako. Liburutegian jateko espazioa. Behatokia herrian; espazio naturalak baditugu dagoeneko funtzio hori betetzen. Aterpeak; egindakoez gain, ez dira gehiago aurreikusten legealdi honetan. Haurren partidu politikoa; Haurren Kontseiluak betetzen du haurren ahotsa politika publikoetara eramatearen funtzioa. Udalak honetan sakontzeko asmoa du».

Sormen gela: Honetan, etxebizitza gaiaren inguruan jardun zuten gehienbat. Bertan, marrazkietan irudikatu zituzten proposamenak. Marrazkietan bi ideia nagusi plazaratu zituzten gaztetxoek; etxebizitzaren prezioa jaitsi behar dela eta Hernanin hutsik dauden etxebizitzak bete behar direla.

 

Urbieta kaleko jolastokia ardatz, 6garren saioan

Eta pasa den maiatzaren 4an Biterira bueltatu ziren Haurren Kontseiluko 19 gaztetxoak, Urbieta kalea jolasgune bilakatzeko proiekturako proposamenak eta ideiak helarazteko. Proiektu hori garatzeko arduradunak dira Tomas Valenciano arkitektura estudioko kideak, Hernaniko haurren ideiak erdigune izanik, noski. Estudioko kidea den Cristina Aguilar izan zen Biterin, gaztetxoei Urbieta kaleko etorkizuneko forma azaltzen, eta horixe egiten aritu zen Hernaniko Udaleko arktitektoa den Beñat Mendiburu ere.

Zehazki, haien proposamenak zein gunetan plazaratu zitzaketen azaldu zieten haurrei bi arkitektoek, kalean bertan. Ondoren, eskala txikiko maketa batean eraiki zuten gaztetxoek buruan zituzten ereduak. Guztira bost taldetan banatu ziren kontseiluko kideak, eta beraz, bost Urbieta kale berrien proposamenekin egingo dute lan Tomas Valenciano estudiokoek.

Eta imaginazio galanta erakutsi zuten gaztetxoek, aniztasun haundiko espazioak sortzeko ideiak plazaratu baitzituzten. Errepikatuena izan zen 'jolasgune mixtoa'ren ideia, hau da, esertzeko eta, aldi berean, psikomotrizidadea lantzeko (parkour, eskalada eta horrelakoak egiteko) prestatutako parkea. Ur-gune bat izateko aukera ere gustuko izan dute haurrek, udako egun beroetan erabiltzeko. Berdeguneak txertatzeaz ere ez dira ahaztu gaztetxoak, nahiz eta jolasguneekin konbinatu.

 

 
Haurren Kontseiluko kideak Udaleko arkitektoaren azalpenak entzuten.
 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!