Bihar hasiko dira aurtengo Osiñagako jaiak, nobedade eta bitxikeriekin

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 5a

Joan den urteko festetako txupinazioa.

Urtero-urtero izaten den giro eta arima galdu gabe, jarduera berria sartu dute aurtengo egitarauan: Osiñaga eta Xoxoka auzoen arteko Desapiyua, bihar izango dena arratsaldeko 18:00etan. Parte hartzaileak, halere, sekretu dira.

 

Heldu da urteko unerik zoriontsuena Osiñagako auzotarrentzat; izan ere, bihar emango diete hasiera Osiñagako jaiei. Ohikoa den bezala, bizikleta birarekin hasiko dute ospakizun asteburua, 10:30etan, eta horren ondoren botako dute txupinazioa, 12:00etan. Berehala, haur jokoez gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek. 

Eta eguerdian dator asteburu honetako lehen bitxikeria, otorduena: auzotar guztiek batera bazkaltzen dute asteburuan zehar, baita afaldu ere. Amaia Otegi auzotarrak azaldu duenez, «lehen guk sukaldatzen genuen, eta otorduak prestatzen genituen, baina badira urte batzuk Euskal Parrillakoak etortzen direla lan hori egitera». 

Horrela, «festen aitzakiarekin auzotar guztiak elkartzeko era» gisa definitu ditu otorduak Otegik. Horietan sortzen den giroa ere nabarmendu du; izan ere, otorduen ondoren, dantzaldiak auzotar guztiak jartzen ditu dantzan. 

 

2025eko jaietako haur jolasak.
 
 

Desapiyua nobedade, eta parte hartzaileak sekretu

Hala ere, larunbateko bazkariaren ostean datorrena ez da soilik dantzaldia, aurten nobedade den Desapiyua eraman baitute auzora. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Osiñagaren eta Xoxoka auzoaren arteko norgehiagoka. Hainbat froga burutu beharko dituzte bi auzoetako biztanleek, lehia polit batean murgilduta. Amaia Otegik adierazi duen bezala, Xoxokako eta Osiñagako auzotarren arteko erlazioa haundia da: «Betidanik joan izan gara Xoxokako festara, oraingo gazteek ere hala egiten segitzen dute, eta bertako auzotarrekin erlazio haundia dugu». 

Eta esan bezala, aurtengoa da Desapiyuaren lehen edizioa Osiñagan. Nahiz eta giro haundiko festak izan, «pixka bat aldatzearren» animatu dira antolatzaileak auzoen arteko proba sorta hau bultzatzera: «Andoniren ideia izan zen, eta guztiei iruditu zitzaigun ideia ona», azaldu du Otegik. Auzotarrek soilik dakite nortzuk hartuko duten parte horretan, eta zeintzuk izango diren probak zehazki; gainontzekoak, bertaratu egin beharko dira hori jakiteko eta festa giroaz zein Desapiyuaz gozatzeko.

Baina larunbat arratsaldea ez da horrekin bukatuko; izan ere, Desapiyua amaitu bezain pronto, bertsolariek hartuko dute lekukoa, eta baita eszenatokia ere. Hernaniko eskolako bertsolariak ariko dira, hain zuzen, auzoa girotzen. Jarraian, sagardo dastaketari ekingo diote, 19:30etan, eta pote batzuen ondoren, guztiek batera afalduko dute, Arriatsun, Euskal Parrillakoek prestatutako janariarekin. Larunbata borobiltzeko, eta festa giroan jarraitzeko, Itzal erromeria taldea izango da 00:30etatik aurrera, bertaratutakoak dantzan jartzen.

 

Unai Agirre eta Aitor Mendiluze, pasa den urteko bertso-pelota saioan.
 
 

Kirola eta bertsolaritza dira igandeko protagonistak

Nahiz eta larunbatetik nekatuta egon, igandean ez dago atsedenerako astirik. Are gehiago, esan daiteke kirola dela eguneko protagonista, bertsolaritzarekin batera. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira jarduera fisikoarekin, gazteak haien artean ariko baitira pelotan, norgehiagokan. Ondoren, 13:00etan, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze izango dira bertsotan, eta jarraian auzotarrei omenaldia egingo diete. 

14:00etan bazkaldu egingo dute auzotarrek, baina ez bakarrik oraingoan, bertsolariak izango baitituzte lagun bazkarian. Arriatsun egingo dute, eta Euskal Parrillakoek prestatutako janariarekin. Eta herri kirolekin emango diote amaiera festa asteburuari. Arratsaldeko 18:00etan hasiko dira. Lehendabizi, Udane eta Elene Ostolaza ahizpak izango dira harrijasotzen, eta jarraian, aizkoran, Laiane eta Igoin Pikabea anai-arrebak ariko dira, eta Oihana Fernandez de Barrena eta Unai Etxeberria 'Osinalde' izango dituzte kontrario.

 

EGITARAUA

Osiñagako jaiak 2026

BIHAR, ekainak 6

10:30 Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren hamaiketakoa.

12:00 Txupinazoa eta haur jolasak.

14:00 Auzo bazkaria.

18:00 Desapiyua: Osinaga Xoxokaren aurka.

Ondoren, Bertso saioa, Hernaniko eskolako bertsolariekin.

19:30 Sagardo dastaketa.

21:30 Auzo afaria Harriatsun.

00:30 Itzal taldea.

IGANDEA, ekainak 7

12:00 Gazteen arteko pelota partiduak.

13:00 Bertsolariak: Unai Agirre eta Aitor Mendiluze. 

13:30 Auzotarrei omenaldia. 

14:00 Auzo bazkaria bertsolariekin. 

18:00 Herri kirolak: Harrian; Udane eta Elene Ostolaza ahizpak. Aizkoran; Laiene eta Igoin Pikabea anaiarrebak, OIhana Fdz. Barrena eta Unai Etxeberria Osinalderen aurka.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!