Giro ederra izango da larunbat goizean, Tilosetan. Izan ere, orduantxe jokatuko dira Tilos 7 Pasa pala txapelketaren finalak, 09:00etatik aurrera.
Bost final izango dira jokoan, eta lehengo astetik daude erabakita horietako bi, maila gorenekoak. Nesken lehenengo mailan, honakoak ariko dira elkarren kontra: Uxue Aranburu eta Ekhiñe Balerdi batetik, eta Ane Zubiri eta Ainhoa Urien bestetik. Mutilen lehenengo mailan, berriz, hauexek bi bikote finalistak: Odei Arregi eta Alain Luisa, eta Julen Loidi eta Aratz Luisa.
Azkeneko semifinalak, gaur eta bihar arratsaldean
Gaur arratsaldean jokatuko dituzte beste bi kategoriatako semifinalak, 17:45etan hasita Tilosetan; eta horietako irabazleak ariko dira finalean. Nesken bigarren mailan, honakoak izango dira bi semifinalak, arratsaldeko aurreneko biak: Fernandez-Chaves/Arraras ahizpak, eta Gomez ahizpak/Zubeldia-Barriola. Gaurko beste biak txapelketa herrikoiari dagozkio, eta segidan jokatuko dituzte. Hauexek izango dira: Oliver-Xixa/Astiazaran-Iparragirre, eta Rodriguez-Del Rio/Teje-Txema.
Bihar jokatuko dituzte azkeneko bi semifinalak, mutilen bigarren mailari dagozkionak. Arratsaldeko 17:45etan hasiko dira horiek ere, Tilosetako frontoian, eguraldiak baimentzen badu. Belaunza-Ponce eta Goitia aita-semeak ariko dira aurrenekoan, eta Loidi-Manterola eta Etxeberria-Urruzmendi bigarrenean.
Hortik aterako dira azkeneko finalistak. Larunbateko finalen ordena, dena den, ez da horixe izango, honakoa baizik: nesken bigarren maila eta lehenengo maila; txapelketa herrikoia; eta mutilen lehenengo maila eta bigarren maila.
Partidu guztiak eta sari banaketa bukatuta, ohiko bazkaria egingo dute partehartzaileek, Xalaparta elkartean; eta giro ederra izango da, 40 lagun baitaude izena emanda.