Kolonizatzaile aparta den burruntzi hau Ave Maria Parkean aurkitu daitekeen espezie ugarienetako da. Horrez gain, landaretzan, zurtoinetan eta lurrean pausatuta ikusi daitekeen odonatu horietakoa denez, oso erraz behatu daiteke. Ez da burruntzi gorri bakarra parkean, baina bere ezaugarriek asko errazten dute identifikazio lana.
Ezaugarriak
Tamaina ertaineko burruntzia da, 36-45 milimetro artekoa. Gazteak direnean, bi sexutako aleek kolorazio horixka dute. Egun batzuk pasa eta gero, arra erabat gorritzen da (laranjatua bilakatu eta gero), eta emeak ere horitasun argia galdu egiten du, marroixka edo gorrizta bilakatuz. Hala ere, badaude arren kolorazio gorria duten emeak (eme androkromoak), baina ez dute kolorazio gorria hain bizia izaten (gainera oso arraroak dira, oso urriak).
Identifikatzeko eta parkeko beste burruntzi gorriengandik bereizteko ezaugarri nagusiak ondorengo hauek dira: abdomenaren itxura eliptikoa da gainetik ikusita, eta zapaldua albotik ikusita (ez zilindrikoa); eta hankak gorriztak dira (ez beltzak marra bertikal horiekin).
Portaera eta bitxikeriak
Afrikar jatorriko espeziea da. 1970 urtearen inguruan aipatu zen Gipuzkoan. Migratzailea ere bada, eta Afrikaren iparraldetik penintsulara egiten dituen migrazioak benetan ikusgarriak izaten dira (Andaluziako zenbait lekutan). Oso berozalea da, eta eguzkitan egotea oso gogoko du, eguraldi triste samarra denean lurrean pausatzen da eguzkiaren irradiazioa hobeto bereganatzeko.
Estalketa oso motza izaten da, eta ia osorik hegan burutzen da, bikotea askatzeko, batzuetan, segundo pare batez pausatzen bada ere. Emeak bakarrik gauzatzen du errutea, ur-azala behin eta berriz abdomenarekin kolpatuaz, baina arraren gertuko zaintzapean.
HEGALDI EPEA
*Klimatologia lagun badugu.
Udako hilabeteetan ugariagoa.
HEDAPENA ETA UGARITASUNA
Afrikako iparraldean oso zabaldua dago, eta arrunta da Europa erdialdean eta hegoaldean. Inglaterran 1995 urtean azaldu zen lehen aldiz. Burruntzi gorria ez dago babestuta Euskal Herrian, ezta penintsula osoan ere.
GEHIAGO SAKONTZEN...
Arren lehiakortasunaren adibide
Odonatu espezie askotako arrak oso lehiakorrak dira beraien artean, eta merezi du aipatzea lehiakortasun hori nola islatzen den bere gorputzean. Odonatuen arrak gai dira emeen gorputzetik aurretik estali duten arren espermaren kopuru handi bat erretiratzeko, aterarazteko. Nola? Ez dago estrategia bakarra, batzuk estalketarako dituzten organoetan arantza antzeko egitura batzuk dituzte, eta igurtziaz kanporatzea lortzen dute aurrekoen esperma; gure gaurko protagonistak, berriz, berea bortizki botaz lortzen du besteena kanporatzea (% 80a!).