Akelarreak eta Kontrakantxa gaztetxeak botako dute San Joanetako txupinazoa

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 3a

Festetako egitaraua aurkeztu du San Joanetako Jai Batzordeak, eta egunotan jasoko dute etxean hernaniarrek. «Iaz baino 10 ekitaldi gehiago izango dira; tartean, familientzako eskaintza haundiagoa», nabarmendu dute.

San Joanetako egitarau osoa, hemen ikusgai

20 egun falta dira San Joan jaietarako, eta dagoeneko zehaztu dituzte aurtengo festen nondik norakoak: egitaraua aurkeztu du Jai Batzordeak, makina bat ekitaldirekin. Zehazki, joan den urtean baino 10 gehiago izango direla nabarmendu dute, «familientzako eskaintza haundiagoarekin». Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie Jai Batzordeko kideei, egiten duten ekarpenagatik.

Jaien hasierako txupinazoa zeinek botako duen ere, eman dute aditzera: Hernaniko Akelarrea eta Kontrakantxa gaztetxea izango dira protagonista nagusiak, festen hasieran eta bukaeran. Aurrenekoak 40garren urteurrena du, eta bigarrenak 20garrena.

Ekainaren 12an izango da Preludio Txikia, arratsaldeko 19:00etan; eta hurrengo egunean Preludioa, gaueko 22:30etan hasita. Biak ere Plazan edo Atsegindegin, eguraldiaren arabera. Gainerakoan, hilaren 18tik 21era izango dira San Joanen aurreko ekintza gehienak.

San Joan bezperan festa giroan bete-betean murgilduta, «presentzia nabarmena» izango du musikak jaietan. Egunero izango dira kontzertuak, erromeriak eta txarangak, ohi bezala. Honako euskal musika taldeak izango dira aurtengoan, gauak girotzeko: Merina Gris, EZEZEZ, Kilimak, Skabidean eta Sua. Baina munduko beste hainbat txokotatik etorritakoek ere piztuko dute giroa San Joanetan; besteak beste, Mexikoko mariatxiek eta Senegalgo musikak.

Eta hutsik egingo ez dutenak, herriko musikariak dira. Hernaniko hiru abesbatzak emango dute kontzertua jaietan, baita Musika Bandak ere, eta etengabeak izango dira txistularien, dultzaineroen eta Musika Eskolako ikasleen kale bueltak.

Musikak bezala, protagonismo berezia izango du dantzak ere. Erromeriak, dantza solte txapelketa, eta afrodance tailerra eta emanaldia izango dira, besteak beste. Gainera, nobedade polita prestatu du Herri Musika Elkarteak, jaien azkeneko egunerako: dantzaldia eskainiko dute goizeko 07:30etan.

Esan bezala, «familientzako programazioa indartzeko ahalegina» egin du Jai Batzordeak aurten, eta egunero izango da familientzako ikuskizun bat, ekainaren 24tik 27ra, arratsaldeko 17:00etan hasita: 'Sardina freskue berriro Euskaldun Herrian', Eidabe konpainiaren eskutik; 'Modernoak', Zirika Zirkusekin; 'Kita Del Pare eta Zapotxin parrandan elkarrekin!', txarangaren eta pailazoen ikuskizun ibiltaria; eta 'Ekilikua', Tutik Clownen eskutik. Haur-parkeak eta txu-txu trenak ere ez dute hutsik egingo, eta bi egunetan izango da zezen suzkoa gauean, hilaren 24an eta 27an. Azkeneko egunean, gainera, Lekittoko Deabruen piroteknia ikuskizuna ere izango da, jaiei bukaera eman aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!