Beti bezain indartsu dator ekaina Hernaniko inguruetan, festei dagokienean; eta ederki hasiko dute hilabetea, Osiñagako Jaien eskutik. Asteburu honetan ospatuko dituzte, larunbatean eta igandean, ohiko egitarau eta giro goxoarekin.
Herri kirolak eta bertsolariak izango dira protagonista nagusiak, bietatik prestatu baitute saio bikoitza. Larunbatean, herri kirol desapiyua egingo dute Osiñagako eta Xoxokako auzotarrek, elkarren kontra; eta Hernaniko Bertso Eskolako zirikatzaileen saioa izango da segidan.
Igandean, berriz, eguerdian hasiko dira bertsotan Unai Agirre eta Aitor Mendiluze, auzo bazkaria ere girotuko dute haiek, eta herri kirolei egingo diete bidea gero, puntako saioarekin. Aizkoran lehia polita izango da bi bikote mixtorekin: Laiene eta Igoin Pikabea anai-arreba ereñotzuarrak, Oihana Fernandez de Barrenaren eta Unai Etxeberria 'Osinalde'ren kontra. Harrijasotzen Udane eta Elene Ostolaza ahizpak ariko dira.
Askoz ere gehiago izango dute Osiñagako Jaiek, dena den. Familia giro goxoa ziurtatuta dago, besteak beste, auzotarrek elkarrekin egingo dituztelako jaietako otordu guztiak. Urteroko bizikleta birarekin hasiko dituzte festak, eta hamaiketakoa egin ondoren botako dute txupinazoa, haur jolasei ekiteko.
Jaietako gaua ere majo luzatuko da, Itzal taldeak gauerdia pasata hasiko baitu bere saioa, denak dantzan jartzeko. Eta gaua luzatuta, igande goizeko jarduna ere beranduxeago hasi behar... Gazteen arteko pelota partiduekin ekingo diote azkeneko egunari, bertsoei, bazkariari eta herri kirolei pasoa emateko.
Bertaratzen denak izango du zerekin gozatua, eta horregatik luzatu diote gonbitea herritar guztiei, bertsotan umoretsu:
Osiñaga auzoan
jai gogoa non nahi
urte osoan gaude
festa iritsi zai.
Berdin da baserritar
edo eta artzai
festarako beti prest
guztiak hain alai.
Badatoz ta lasai
ez zaitez joan porai
mela mela blai blai
ze giro ona ai,
Trump ez deu gonbidatu
herri osoa bai.
OSIÑAGAKO JAIAK 2026
EKAINAK 6, larunbata
10:30, Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren, hamaiketakoa Arriatsun, partehartzaileentzat.
12:00, Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00, Bazkaria auzokoentzat.
18:00, Desapiyua: Osiñaga eta Xoxoka aurrez aurre.
Ondoren, Bertso saioa, Hernaniko Bertso Eskolako kideekin.
19:30, Sagardo dastaketa.
21:30, Auzo afaria Arriatsun, Euskal Parrilakoek prestatuta.
00:30, Dantzaldia, Itzal taldearekin.
EKAINAK 7, igandea
12:00, Gazteen arteko pelota partiduak.
13:00, Bertsolariak: Unai Agirre eta Aitor Mendiluze.
13:30, Auzotarrei omenaldia.
14:00, Auzo bazkaria Arriatsun, bertsolariekin, Euskal Parrilakoek prestatuta.
18:00, Herri kirolak: harrijasotzen Udane eta Elene Ostolaza ahizpak; aizkoran Laiene eta Igoin Pikabea anai-arrebak, Oihana Fernandez de Barrenaren eta Unai Etxeberria 'Osinalde'ren aurka.