Hitzaldia eskainiko du bihar Plaza Feministan Saharako Fronte Polisarioaren ordezkariak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 2a

Hernaniko udaletxean egingo diote harrera 17:00etan Mujtar Lebuehiri, eta 18:00etan emango du hitzaldi irekia Kulturarteko Plaza Feministan.

 

'Aberri bat eraikitzen' hitzaldia antolatu du Hernani Sahara Herri Ekimenak, bihar arratsalderako; eta horretara gonbidatu du Mujtar Lebuehi, Saharako Fronte Polisarioaren ordezkaria Euskadin. Kulturateko Plaza Feministan izango da hitzaldi-solasaldi irekia 18:00etan, eta ordubete lehenago egingo diote harrera ofiziala Hernaniko udaletxean. Bietara gonbidatu ditu herritar guztiak Hernani Sahara ekimenak.

50 urte dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutela, eta bi urte lehenago sortua zuten Fronte Polisarioa klandestinitatean, «gaur egun saharar herriaren ordezkari legitimo bezala ezaguna dena nazioartean», azaldu dute ekimeneko kideek. «Ordutik, biek ala biek sinbolizatzen dute paralisi historiko baten mende dagoen herri baten erresistentzia eta itxaropena: okupazio marokoarra, nazioarteko ixiltasuna eta erbestean eta hondamenetan bizirik dirauen erresistentzia, nork bere lurrean libre bizitzeko eskubidea aldarrikatuz. Eta gaur egun, nazioarteko agendetan ageri ez den okupazio, jazarpen eta zapalkuntzak gatazka izaten jarraitzen du». 

Testuinguru horretan antolatu dituzte biharko harrera ekitaldia eta hitzaldia.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!